Donostiako Oroimen Historiakoaren ibilbidea

0

Donostiako Udalak aurten ere antolatu ditu “Oroimen historikoaren ibilbidea”, bisita gidatuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta batxilergoko ikasleentzat. Gerra Zibilean, 1936ko Estatu kolpea eta diktadura frankistaren ondoren, gertatutakoa ezagutzera emango da.

Giza Eskubideak ezagutzera emateko lanean, eta oroimen historikoa lantzeko ahalegin honetan, Udalari garrantzitsua iruditu zaio gazteek 1936ko estatu kolpearen ondorioz piztutako Gerra Zibileko eta diktadura frankistako gertaera lazgarriak ezagutzea. Testuinguru horretan, ibilbide honen bidez Donostian gertaturikoa gerturatu nahi da, bereziki, belaunaldi gazteei.

Donostiako ikasleek aukera izango dute hiriko historia, oroimen historikoa eta giza eskubideen urraketen gaira hurbiltzeko, ikastetxetik kanpo historia modu interaktiboan lantzeko eta haiengan jarrera kritikoa sustatzeko. Ekimen honi esker, ikastetxean ikasturtean zehar landuko den gaia osatzea lortuko dute, eta, horretarako, ikasgelan lantzeko prestatu den material didaktikoaren laguntza izango dute.

Hauek dira ibilaldian zehar bisitatuko diren 1936ko estatu kolpeko eta frankismoaren garaiko Donostiako gertaera nagusien guneak:

1.- Easo plazako kioskoa (abiatzea)
2.- Garai bateko suhiltzaileen eraikina (babeslekua)
3.- San Jose ikastetxea (atxikitze lekua)
4.- San Martzial kalea 48-50 (bonbardaketa lekua)
5.- Txurruka kalearen eta Askatasunaren hiribidearen bidegurutzea (komunikabideak eta zentsura)
6.- Maria Cristina hotela (borroka lekua)
7.- Nautikoaren pasabidea (fusilamendu lekua)
8.- Omenezko eskultura

Ibilbideak ordu eta erdiko iraupena izango du eta martxoaren 1etik maiatzaren 31era bitartean, astelehenetik ostiralera izango dira, 9:00etatik 17:00etara, aukeratzen den ordutegian. Izen ematea egin daiteke info@komazk.com helbide elektronikoan edo 943 456000 telefonora deituz. Aurten ere euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiteko aukera izango dute.