Eusko Jaurlaritzaren seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko dirulaguntza berriak martxoaren 1etik aurrera eska daitezke

0
  • Hiru urtetik beherako haurrak dituzten familia guztiek hilean 200 euroko ordainketa eska dezakete. Hirugarren seme-alabatik aurrera zazpi urte bete arte luzatzen da laguntza, 100 euro hilean
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailak gaurtik aurrera telefono zenbaki bat jarri du martxan, 945 062 040, kontsultak egiteko
  • Laguntza ekonomikoak modu telematikoan edo presentzialean eskatu ahalko dira, Zuzenean zerbitzuaren, posta bulegoen edo Euskadiko udalen bitartez

Hiru urtetik beherako seme-alabak beren kargura dituzten euskal familiek zuzeneko laguntza ekonomiko berria izango dute datorren asteazkenetik aurrera. Hilero seme-alabak hazi eta mantentzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako laguntza berriak dira; hilean 200 euroko ordainketa, adingabearen jaiotzatik hiru urte bete arte. Laguntza hori ehun eurokoa izango da hilabetean, harik eta adingabeak zazpi urte betetzen dituen arte, hirugarren seme-alaben edo hurrengoen kasuan (familia ugariak). Iñigo Urkullu lehendakariak 2022ko maiatzean iragarri zuenez, neurri horien helburua da “jaiotza-tasetan joera negatiboa aldatzea”.

Gaur goizean, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak jakinarazi du martxoaren 1etik aurrera eskabideak osatu ahal izango direla. “Oso neurri garrantzitsua da. Gure aurrekontutik 110 milioi euro baino gehiago bideratu ditugu prestazio horiei aurre egiteko” esan du. “Laguntza ekonomiko hauek euskal herritarrei nahi adina seme-alaba izaten laguntzea espero dugu”.

Neurri horrek 2030eko Erronka Demografikorako Euskal Estrategia sustatzeko balio du, 2022ko ekainean onartuta. Gogoratu behar da legegintzaldi honetako Gobernu Programak berak ezartzen duela demografiaren erronka herrialdearen hamar helburuetako bat. Gainera, ekimen hori bat dator UNICEFek sustatutako lehen 1.000 eguneko Programarekin. Haren irizpidearen arabera, administrazio publikoek haurraren bizitzako lehen hiru urteetan egin behar dituzte inbertsioak, etorkizunean duten garrantziagatik.

Neurriaren bultzatzaile den Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak gaurtik aurrera (otsailaren 20a, astelehena), telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat jarri ditu martxan, seme-alabak hazi eta mantentzeko hileko laguntza berriei buruzko informazioa jasotzeko. 945 062 040 telefono-zenbakira deituz edo umeak@euskadi.eushelbide elektronikora mezu bat bidaliz, nahi dutenek laguntza berri honekin lotutako edozein gai kontsultatu ahal izango dute. Galde-erantzunen atal bat ere badago euskadi.eus/hilekolaguntzak (euskadi.eus/ayudasmensuales gaztelaniazko bertsiorako).

Datorren hileko lehenengo egunetik (martxoaren 1a, asteazkena), hileko laguntza berriak telematikoki eskatu ahal izango dira –horretarako, beharrezkoa izango da kanal honen bidez laguntza eskatzeko identifikaziobat izatea–, edo, bestela, aurrez aurre, Zuzenean ordezkaritzen bidez –EAEko hiru hiriburuetan–, edo posta bulegoetan edo udaletan.

Amilibia sailburuordeak berak gaur adierazi du Gobernuak aprobetxatu egin duela araudi-esparru berri horrek dakarren aukera “laguntzak eskatzeko sistema erraztu eta hobetzeko eta espedienteak kudeatzeko prozedura modernizatzeko”. Kalkuluen arabera, 65.000 pertsona inguru balia daitezke prestazio berri horiez.

Atzeraeraginezko efektua

Laguntza hauek arautzen dituen dekretuaren arabera, atzeraeraginezko efektua sortzen dira 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera. Hori dela eta, adin txikikoak beren kargura dituzten euskal familiek aurtengo urtarrileko eta otsaileko dagokien kopuru ekonomikoa eskatu ahalko dute. Horretarako, eskaerak egiteko epea aurtengo urriaren 31 arte luzatuko da.

Adin baldintzak betetzen dituzten euskal familia guztiek hileko laguntza kobratu ahalko dute beren ardurapean duten seme-alaba bakoitzeko, jaiotzagatik, adopzioagatik, adopzio aurreko bizikidetzarako zaintza eskuordetzeagatik edo tutoretzagatik. Horrela, hiru urtetik beherako haurrak dituzten familiek hilean 200 euroko laguntza eskatu ahal izango dute; hirugarren eta ondorengo seme-alaben kasuan, 100 euroko laguntza gehigarria egongo da hilean, hiru urtetik haurrak zazpi urte bete arte. Adingabeak ardurapean dituzten familia guztiek ere diru-lahguntza hori jaso ahalko dute, 2023a baino lehen jaio arren, betiere baldintzak betetzen badituzte.

Laguntza sortzen duen alabak edo semeak % 33ko edo gehiagoko ezgaitasuna edo mendekotasun egoera aitortua badu, aurreikusitako laguntzak bikoiztu egingo dira (birekin biderkatuko dira).

Hilabeteko laguntza jasotzeaz gain, ume bat baino gehiagoko erditzeek eta adopzio anitzek aparteko laguntza jasoko ahalko dute. Ordainketa bakarreko laguntza da. Laguntzaren zenbatekoa erditze edo adopzio multipleko seme-alaba kopuruaren eta familiaren errenta estandarizatuaren arabera finkatuko da.

Gainera, Eusko Jaurlaritzaren laguntza berria beste administrazio batzuek helburu berarekin ematen dituzten edo ezar ditzaketen beste batzuekin bateragarria izatea aurreikusten da, adibidez, kenkari fiskalekin.