Helburua: Gas anestesikoen emisiorik gabe 2023an

0

ESIko Anestesia eta Bizkortzeko Zerbitzuak proposatuta, 2021eko amaieran Zero Emisioen Programa ezartzeko proiektua abiarazi zen, ospitalean gas anestesikoen eta CO2-ren emisioa guztiz murrizteko.

Anestesiaren jardunak eginkizun garrantzitsua betetzen du munduko osasunean eragin negatiboa duten berotegi-efektuko gasen eta bestelako ingurumen-kutsatzaileen sorreran. Ildo horretatik, ingurumen-osasunaren jasangarritasunerako eragin kaltegarri hori gutxitzea, nahi bat ez ezik, etikoki beharrezkoa ere bada. Horregatik, Anestesia eta Bizkortzeko Zerbitzuak gogoeta orokorrari heltzea erabaki zuen Zero Emisioen programa hori ezartzeko, pazientearen segurtasun-estrategiaren barruan jada integratuta dauden Osasun Ministerioaren gainerako zero programen modura (Zero Bakteriemia, Zero Erresistentzia, Zero Pneumonia, Zero GTI).

Ebakuntza-geletan gas anestesikoen emisiorik ez egotea zen helburua, EBren 2030erako Itun Berdeak ezarritako helburuak betetzeko eta 2050ean klimatikoki neutroak izateko; hau da, paziente kirurgikoen oraingo poztasunari eta emaitza klinikoei eutsita anestesia jasangarria izatea.

Hurrengo urratsa proposamen hori ESIaren Ekonomia Zirkularraren estrategian txertatzea izan zen, eta horren emaitza Jariatutako gas anestesikoak atzitzeko proiektua izan zen, berriz erabiltzeko aukera egon dadin. Ingeniaritza Biomedikoko Zerbitzuak garatu du proiektu hori, diziplina anitzeko lantalde baten bitartez. Lantalde horretan, Anestesia eta Suspertzeko Zerbitzuaz gain, Ekonomia, Ingurumen eta Erizaintza eremuetako profesionalek ere parte hartu dute.

Ezarpen pilotua egin zen Larrialdietako ebakuntza-geletan, ondoren gas anestesikoak erabiltzen dituzten gainerako ebakuntza-gela eta eremuetara zabaltzeko. Horretarako, anestesia-ekipo guztiak CONTRAFLURAN sistemaz hornitzea izan da erabilitako metodologia:

  • Anestesia-ekipoak «modu pasibo»ra egokitzea.
  • CONTRAFLURAN kartutxoa: anestesia-ekipoak igorritako hondar-gas anestesikoa atzitzen du, hura aireratzea eragotzita, ondoren berreskuratu ahal izan dadin.
  • SENSOFLURAN sentsoreak kartutxoa beterik dagoen erakusten du, ikusten eta entzuten den alarma baten bidez.

Era horretan, gas anestesikoen emisioak ebakuntza-geletan ezabatuko dira, baina horrez gain, baita horrelako gasak erabiltzen dituzten proba funtzionalak egindako ospitaleko eremu guztietan ere.