Hezkuntza Sailak handitu egin du atzerrian hizkuntza-ikastaroak egiteko deialdirako zenbatekoa

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, 2022ko urriaren 25eko Agindua aldatzea. Agindu horren bidez, 2023ko udan DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleek atzerrian hizkuntza-ikastaroak egin ditzaten plazak deitzen dira. Gaur onartutako aldaketarekin, Hezkuntza Sailak 456.064 euroan handitu du atzerriko egonaldien programaren zenbatekoa, 1.303.782 eurora iritsi arte.

Deialdi hau abian jartzeko, aurreko urteetan egin izan duen bezala, Hezkuntza Sailak kanpoko agentziak kontratatzeari ekin zion, lizitazio-prozedura ireki baten bidez, zerbitzua eman zezaten. Enpresek eskaintzak aurkezteko epea amaituta, kontratua hutsik geratu zen eskaintzak ez baitzen  aurkeztu. Beraz, beste kontratazio-prozedura bat hasi du Hezkuntza Sailak, horretarako aurrekontu-esleipena handituta.

Deialdiaren gainerako oinarrietan ez dago aldaketarik. Izena emateko epea ireki zenean ikasleek aurkeztutako eskabideak indarrean daude oraindik. Era berean, Hezkuntza Sailak egonaldi horietarako eskaintzen dituen plazen kopurua ere ez da aldatu (522 plaza).

Deialdi honen bidez, Hezkuntza Sailak 532 plaza eskaintzen ditu Alemanian, Frantzian, Irlandan eta Erresuma Batuan egonaldiak egin eta hizkuntza-ikastaroak burutzeko, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei eta Batxilergoko 1. eta 2. mailakoei zuzenduta. Egonaldi horiek 2023ko udan egingo dira.