Liburu baten jasota dago ‘Euskal Autogobernua orain eta bihar’ jardunaldiaren eduki osoa

0
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak argitaratutako liburua Irekian eta Eusko Jaurlaritzaren atari digitalean dago eskuragarri
  • Liburuaren 100 orrialdeetan iazko urrian Bilbon euskal Autogobernuari buruz egindako hitzaldietan eta mahai-inguruetan parte hartu zuten adituen gogoetak eta iritziak daude bilduta

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak iazko urrian Bilbon autogobernuari buruz egindako jardunaldiaren eduki osoa biltzen duen liburua argitaratu du. Argitalpena Irekian eta Eusko Jaurlaritzaren atari digitalean dago eskuragarri www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/dokumentuak-argitalpenak/

Liburuaren 100 orrialdeetan, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eta Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuaren irekiera eta amaiera hitzaldiak daude jasota, bai eta mahai-inguruetan solasean aritu ziren parte-hartzaileen eta ponentziak eman zituzten hizlarien esanak eta gogoetak. Testuak ia ukitu gabe daude, jatorrizkoak osorik hartuta, nahiz eta ahozko hizkuntzatik idatzizko hizkuntzara igarotzean esamoldeak harmonizatu diren.

Lehendakariak euskal Autogobernuaren aldarrikatu zuen, euskal gizartearen gehiengoarentzako “topagunea” baita, eta bere eguneratzea eta sakontzea aldarrikatu zuen. Esan zuenez, “Euskadin adostasun orokorra lortzeko tresna da, islatzen baitu nortasuna zaintzeko eta ongizatean eta bizikidetzan aurrera egiteko modu bat, eta baita komunitate politiko bereizi bat eraikitzeko modu bat ere”.

Garamendi Sailburuak itxi zuen jardunaldia eta, Lehendakariaren ildo beretik, Autogobernua Euskadiren “bizkarrezur” gisa definitu zuen, eta Autogobernuan aurrera egiteko “ulertu, barneratu eta geure egin behar” dugula adierazi zuen. Zentzu honetan, herritarren ongizatea eta herrialde baten garapena helburu duten politika “publikoak garatzeko guk dugun gaitasuna hobetzearen eta zabaltzearen” alde egin zuen.

‘Euskal Autogobernua orain eta bihar’ entzuteko eta elkarrizketetarako jardunaldia izan zen, eta Zuzenbidearen eta Historiaren arloko adituek parte hartu zuten, formatu mistoan, hau da, hitzaldiak eta mahai-inguruak tartekatuta.

Jardunaldian, adituek azalpen askotarikoak azaldu zituzten Autogobernua euskal gizartearen gehiengo baten topagune bihurtu duten arrazoiei buruz. Izan ere, nortasuna zaintzeko, ongizatean eta bizikidetzan aurrera egiteko eta zalantzarik gabe autogobernatuta dagoen komunitate politiko bat eraikitzeko modu bat ahalbidetzen du Autogobernuak. Hitzaldietan eta solasaldietan aniztasuna izan zen nagusi parte hartu zutenen iritzi eta arrazoibideetan.

Mikel Erkoreka UPV/EHUko irakasleak eta Jon Garro ikertzaileak Autogobernuaren egungo egoera, balorazio soziala eta euskal gazteen arteko ezagutza erradiografiatu zituzten lehen hitzaldian. UPV/EHUko katedradun Joxerramon Bengoetxeak zuzendu zuen Autogobernuari eta Europari buruzko eztabaida, eta bertan parte hartu zuten Alejandro Saiz Arnaizek (Pompeu Fabra Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna), Juan Jose Alvarezek (UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna) eta Mariola Urreak (Nazioarteko Zuzenbideko eta Europako Batasuneko irakaslea Errioxako Unibertsitatean).

Asier Madarieta historialariak euskal Autogobernuaren bilakaera azaldu zuen ikuspegi historiko batetik, eta, kontrapuntu gisa, euskal Autogobernuaren etorkizunaren gaia jorratu zen Igor Filibi EHUko Nazioarteko Harremanetarako katedradunak dinamizatutako solasaldi batean. Solasaldian, Maite Zelaia (EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea) Xabier Arzoz (UNEDeko Zuzenbide Administratiboko katedraduna) eta Alberto Lopez Basaguren (UPV/EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna) egon ziren.

Argitalpenean, eguneko hitzaldien transkripzioak, ekitaldiaren eta bertaratutakoen argazkiak eta bestelako ilustrazioak tartekatzen dira. Liburu honekin Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak Euskal Autogobernuaren inguruko elkarrizketa publikoa aberastu nahi du, beti ere Autogobernu gehiago eta hobeagoa izateko eta bere ezagutza eta errekonozimendua zabaltzeko gizartean.