URA Nerbioi ibaiaren sekzio hidraulikoa handitzen ari da Laudioko hirigunea uraldietatik babesteko

0
  • Lanen jarduketa-eremua Nerbioi ibaiaren 1338 metroko tarte bat da: Baias kalearen eta Bide Zaharren artekoa
  • Aurrekontua: 4,7 M €-koa; gauzatzeko aurreikusitako epea: 17 hilabetekoa

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak  Nerbioi ibaiaren ur-goraldietatik Laudioko herrigunea babesteko lanak abiarazita ditu. Horretarako, ibilguaren ohantzea induskatzen ari da, haren kota jaisteko, eta, horrela, ibaiari ahalmen hidrauliko handiagoa emateko: 100 urteko errepikatze-denborako uraldien uholde-arriskuari eusteko, hau da, 438 m2/s-ko emariari.

Hori bertatik bertara ikusi ahal izan dute gaur Arantxa Tapia sailburuak, Ander Añibarro alkateak, Antonio Aiz Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak eta Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak Altzarrateko zubitik ibaian behera egin duten bisitan. Bertan, hondeamakina batzuk lanean ari dira ibilguaren ohe harritsua eta ibaiertzetako ezponden oinarria hondeatu eta ateratzen den harria kentzeko.

Sailburuaren arabera, “Nerbioi ibaia Laudioko hirigunetik igarotzean bideratzeak handitu egingo ditu biztanleen segurtasun-maila; baita ibaiaren ondoan finkatutako jarduera ekonomikoaren ere”. Nabarmendu duenez, “uholdeei aurre egiteko obrek nabarmen murrizten dute Laudioko hirigune osoko uholde-arriskuarekiko kalteberatasuna, eta eremu hori Q100eko errepikatze-denboratik Q500eko birgertatze-aldira igarotzen da”. Tapiaren iritziz, “horrek ere aurreikusitako hiri-lurzoruaren garapen osoa ekarriko du, eta etorkizunean garatu nahi diren hiri-berrikuntzako prozesuak bultzatuko ditu”.

Alkateak nabarmendu du “obra horiek Laudioko uholde-arriskua konponduko dutela eta udalerriaren hiri-garapena ahalbidetuko dutela”. Añibarroren arabera, “hirigintza eta ingurune hidraulikoa uztartzeko garaia da; urte askoan ibaiari bizkarra eman eta arazotzat hartu ondoren, garaia da aurrez aurre begiratzen hastekoa eta Laudio eraldatzeko eta hobetzeko aukera gisa ulertzeko”.

Oro har, obrek ibaiaren sekzioa handitzea ahalbidetuko dute, ibaiaren hondoa Nerbioi ibairen 1338 metroko tarte batean egokituz, Baias kalearen eta Bide Zaharrak kalearen artean. Hau da, ibaiaren ohantzearen kota jaisten da, eta sakonera handitzen da bataz besteko metro inguruko hondeaketen bidez.

Sekzio hidraulikoari dagokionez:  ur gutxiko sasoietako emarientzako sekzioa handituko da, egungo direlako bermen (alegia, ibaiertzetako ezpondak ur gutxientzako ibilguarengandik bereizten duen eremu laua) zabalera murriztuz.Gainera, jarduera egiten den ibai-tartean dauden presa guztiak kenduko dira. Ibilguan eta ertzetan egingo diren hondeaketen bolumena 55.250 m2 lur ingurukoa izango da, hau da, obrako 5525 kamioiren baliokidea.

Aurrekontua 4,7 milioi eurokoa da, eta obrak egiteko aurreikusitako epea 17 hilabetekoa da, obra hasten denetik kontatzen hasita. Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF 2021-2027) finantzatzen du proiektu hori.

Nerbioi ibaiaren uholdeei aurre egiteko lan hau, batez ere, ibilguaren hondoaren indusketa bat da, emari mardulei eusteko sekzio handiagoa lortzeko. Nerbioi ibaia bideratzeko, lehenik eta behin, belar-sastrakak garbitu beharko dira; ondoren, ohantzea induskatuko da eta ur gutxientzako ibilguaren ertzak babesteko harri-lubetazko estalpea egingo da. Jarduera horiek amaitutakoan, tokiko erriberako landaredi-espezieak landatu beharko dira.