Euskadiko Arkitektura Institutuak Luis Peña Ganchegui arkitektoaren funtsak hartuko ditu

0

XX mendearen bigarren erdiko eragin handiko euskal arkitektoetako bat izan zenaren 75.000 agiri baino gehiago kontsultatu ahal izango dituzte herritarrek uda aurretik

 

Euskadiko Arkitektura Institutuak uda aurretik hartuko ditu oraingo egoitzan, Donostiako Santa Teresa komentu zaharrean, Peña Ganchegui Artxiboko dokumentu-funtsak. Elkartearen helburua XX. mendearen bigarren erdiko euskal arkitekturaren erreferente honen legatua babestea eta hedatzea da. Artxiboa Arkitektura Institutura eramango da Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin egindako lankidetza-hitzarmenari esker, arkitektura-zentro honen sustatzaileetako bat baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin batera.

Euskadiko Arkitektura Institutuak hartuko dituen agirien artean 287 proiektutako 6.842 plano eta 1.651 krokis orijinal daude, bai eta formatu ezberdinetako 7.233 argazki eta agiri idatziak ere, 60.000 orritik gora. Funts guztiak egongo dira herritarren eskura (ordua aurretik eskatuta* kontsultatu ahal izango dituzte), arkitektoaren erreferentzien eta kezka kulturalen unibertso zabala erakusteko helburuarekin.

Bestalde, euskal arkitekturako figura gailen honen presentzia osatzeko, bere ibilbideko alderdi ezberdinak xehatzeko erakusketa-espazio iraunkor ere izango da bertan.

Luis Peña Ganchegui (Oñati, 1926 – Donostia, 2009) Donostian jarri zen bizitzen ikasketak Madrilen egin ondoren. Lehenengo lana, Vista Alegre dorrea (Zarautz, 1959), egin zuenetik aintzatespen handia izan zuen, eta Trinitate Plaza (Donostia, 1963) eraiki zuenean berretsi zitzaion eta Haizearen Orraziko plaza (Donostia, 1976) eraiki zuenean betikotu zitzaion, horrek bihurtu baitzuen bertako arkitekto ospetsu. Bere obra zabalak –batez ere etxebizitza-eraikinak, ekipamendu publikoak eta industriarako eraikinak– arkitektura modernoa Euskal Herriko herri eta hirien eta landaren fisonomiara egokitzeko beharrezko printzipioak definitzen ditu.

Euskal Herriko Arkitektura Eskolaren fundatzailea da, eta beti uztartu zituen estudioaren buruan egindako jarduera profesionala eta irakaskuntzari eta arkitekturaren kulturari lotutako bestelako jarduerak.  Bere ibilbidean zehar Luis Peña Gancheguik lortutako sari eta errekonozimenduen artetik, nabarmendu daitezke: Eusko Jaurlaritzak 1997an eman zion Munibe saria; Camuñas Fundazioak 1999an eman zion Antonio Camuñas saria; eta Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Nagusiak 2004an eman zion Espainiako Arkitekturaren Urrezko Domina.

“Luis Peña Ganchegui arkitektura modernoaren eta postmodernoaren maisua izan zen, eta Euskadin eta Euskaditik kanpora egindako proiektu enblematikoek eta etxebizitzek osatutako lan polifazetikoa duen XX. mendeko euskal arkitekto bakanetako bat da. 2017tik ari gara bere artxiboarekin lanean belaunaldi berriak balioesteko Euskal Arkitektura Gaztea saritzen duen eta bere izena daraman sariaren bidez, eta orain akordio hori zabaldu dugu Peña Gancheguiren beraren lana erakusteko”, adierazi du Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak.

“Peña Ganchegi Artxiboa Santa Teresara eramateak berretsi egiten du Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitza izateak Gipuzkoarentzat duen garrantzia. Funts horien balioak areagotu egiten du diziplina horretako profesionalentzat eta ikertzaileentzat proiektuak duen interesa. Eta, horrez gainera, jendeak gune hori gure eguneroko bizitzan dagoen arte honen iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin hobeto identifikatzeko ere balioko du”, adierazi du Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuko diputatuak.

“Ohore bat da gure erakundearentzat Euskadiko Kultura Arkitektonikoaren erreferentzia-zentroan parte hartzea. Gure artxiboa, bertako hainbat eratako funtsak, sartuta aurten laugarren edizioa izango duen Peña Ganchegi Saria sortzeak egindako ekarpena osatuko da”, azpimarratu du Rocío Peñak, Peña Ganchegi Artxiboaren zuzendariak.

Euskal kulturaren iragana eta etorkizuna balioestea

Luis Peña Ganchegiri buruzko erakusketak Euskadiko Arkitektura Institutuaren programazioan sartuko dira gune propio batean, eta horrekin zentroak urrats berri bat emango du euskal kultura arkitektonikoaren zabalkundea sakontzeko helburuan. Proiektu bateratu honetan Euskadiko Arkitektura Institutuaren bi jarduera-esparru nagusi uztatzen dira: alde batetik, euskal arkitekturako erreferenteen lanak zaintzea eta zabaltzea eta, beste alde batetik, sortu berriak diren figurak aitortzea, hitzarmenak jarraipena ematen baitio Euskal Arkitektura Gaztea saritzen duen Peña Ganchegui Sariari.

2017an sortu zen eta bi urtez behin ematen den sari horrek hamar urte baino gutxiagoko esperientzia duten profesionalen proiektuak aitortzen ditu, eta orain arte egin diren hiru edizioetan 40 arkitektura-estudio baino gehiago erakarri ditu. Saridunak eta finalistak kontuan hartuta, 18 estudio aitortu dituzte Euskadiko mugetatik kanpora proiekzioa duten profesionalen belaunaldi berrien ordezkari gisa.