Zuzendaritza-funtzioari buruzko dekretu berria, ikastetxe publikoetarako

0
  • Dekretu berriak berebiziko garrantzia ematen die zuzendaritza-taldeen prestakuntzari eta ebaluazioari, bai eta haien jarduna aitortzeari ere
  • Aitortzen artean: zuzendaritza-jarduna meritu gisa baloratuko zaie zuzendaritza-taldeko kideei; malgutasuna ordutegian eta egutegian; urtebete irakaskuntza-kargarik gabe, zuzendarientzat, bigarren agintaldia amaitzean

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, gaur goizean aurkeztu du prentsaurrekoan unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendaritza-funtzioa eskuratzeari, prestakuntza jasotzeari, ebaluatzeari eta zuzendaritza-jarduna aitortzeari buruzko dekretu berria. Aipatutako dekretua aste honetan bertan (asteartean, otsailaren 28an) onartu du Gobernu Kontseiluak, eta Hezkuntza Saila Euskadiko ikastetxe publikoen hezkuntza-lidergorako garatzen ari den estrategiaren baitan kokatzen da.

Zuzendaritza ahaldunduak

XXI. mendeko ikastetxe bateko zuzendaritzak eskumen berriak eta lidergo-estilo berriak behar ditu, hezkuntza-erronka berriei erantzungo dieten estrategiak bultzatzeko. Dekretu berria uste sendo horretatik abiatzen da, eskola-zuzendaritza prestatua eta ahaldundua sustatzeko, hezkuntza-komunitateko kide guztiak helburu komunetara motibatzeko gai izango dena. Modu horretan aurreikusitako xedeak lortuko baitira, bereziki ikasleen hezkuntza-arrakasta zein pertsonala lortzera bideratutakoak.

Zuzendaritzaren jarduna ikastetxeen funtzionamendua hobetzeko eta aldaketa kudeatzeko eraginik handiena duen faktoreetako bat da, hain zuzen ere, bigarrena, irakasleen aldagaiaren ondoren. Era berean, ikerketek zein nazioarteko hezkuntza-praktikek gero eta nabarmenago aitortzen dute ikastetxeetako zuzendaritza-taldeek zeregin garrantzitsua dutela bai antolaketari eta kudeaketari dagokienez, bai hezkuntza-erantzunaren kalitatea etengabe hobetzeko alderdiei dagokienez.  Ebidentzia horrek berak aholkatzen du eskola-zuzendaritzei behar duten prestakuntza eta laguntza ematea euren zeregina eraginkortasunez bete dezaten. Alde horretatik, dekretu berriak ongi prestatutako zuzendaritza-taldeak sustatzen ditu, talde kohesionatu eta egonkorrak, ikastetxeak eraldatzeko gai izango direnak. Zuzendaritza-taldeen lidergoa arrakasta-faktore erabakigarria da.

Horrela bada, ikastetxeetan gobernantza berriak eraikitzea erraztuko duen dekretua osatu da. Ikuspegi pedagogiko batekin, lidergo partekatua gauzatuko duten eta, aldi berean, hezkuntza-komunitateak lidergo horretan parte hartzea sustatuko duten zuzendaritza-taldeak eratzea. Horiek guztiak aintzat hartuta, dekretu berriaren ezaugarri nagusien artean hauek nabarmendu daitezke:

  • Zuzendariaren figura ardatz zuen eredu batetik ikastetxeko zuzendaritza-taldearen garrantzia azpimarratzen duen eredura egiten da jauzi.
  • Bikaintasun-jarduna izango duten zuzendaritza-talde ahaldunduak sortu nahi ditu, ikasleen eskola-emaitzak hobetzea lortzeko, ikasle zaurgarrienenak bereziki.
  • Ongi prestatutako zuzendaritza-taldeak, kohesionatuak eta egonkorrak, ikastetxeak eraldatzeko gai izango direnak, sortu nahi ditu.
  • Garrantzi handia ematen dio ikastetxeen etengabeko hobekuntzari. Hori dela eta, prestakuntzaren, ebaluazioaren eta hobekuntzaren kultura azpimarratzen du.
  • Zuzendaritzaren jardunari aitortza egiten dio.

Prestakuntza, ebaluazioa eta aitorpena

Dekretu berriaren egituran eta artikuluetan garrantzizko hiru alderdi nabarmentzen dira: zuzendaritza-taldeen prestakuntza eta ebaluazioa eta zuzendaritzaren jarduna aitortzea.

Hezkuntza-lidergoaren rol berriak sustatu ahal izateko, begirada berriak behar dira euskal hezkuntza-sistemak dituen erronkei aurre egiteko. Baita proiektu komunitario eta kolektibo baten lider bihurtuko diren zuzendaritza-talde egonkorrak ere. Alde horretatik, dekretuaren arabera, euskal hezkuntza-sistemako zuzendaritzak izango dira egin behar diren esku-hartze guztien oinarria, eta orokorrean zehazten ditu horien prestakuntza, hautaketa-prozesua (zuzendaritza-proiektuaren bidez), ebaluazioa eta aitorpena.

Zuzendaritza-taldeen prestakuntza. Testu berriak luze eta zabal garatzen duen funtsezko alderdia da hau. Prestakuntza-programa zuzendaritza-taldeko kide guztiei zuzendua da, eta prozesu osoa barne hartzen du: hasierako prestakuntza, eguneratzeko programak eta etengabeko prestakuntza.  Horiek guztiek alderdi teorikoa eta praktikoa izango dituzte. Lehenbiziko aldiz aurreikusten da prestakuntza ezohiko izaeraz izendatutako zuzendarientzat ere.

  • Aurretiko prestakuntza, irakasle guztiei zuzenduta, gerora hautagai izango direnentzat.
  • Zuzendaritza-funtzioa betetzeko hasierako prestakuntza, hautatutako zuzendaritzentzat. Zuzendaritza-funtzioa betetzeko konpetentziei buruzko prestakuntza-programa espezifikoa gainditu beharko dute izendatu aurretik. Ezohiko izaeraz izendatutako zuzendariek ere gainditu beharko dute.
  • Eguneratzeko programak eta etengabeko prestakuntza, esperientzia duten zuzendaritza-taldeentzat. Dagokion ziurtagiria jaso zutenetik zortzi urteko epea igaro bada, zuzendaritza-funtzioaren jarduna eguneratzeko moduluak egin beharko dituzte, eta, horretarako, eguneratze-programa espezifiko bat gainditu beharko dute. Horren osagarri, Hezkuntza Sailak berariaz zuzendaritza-taldeko gainerako kideei zuzendutako prestakuntza-jarduerak ere eskainiko ditu, beren eginkizunak ahalik eta baldintza onenetan bete ditzaten.

Etengabeko prestakuntza-jardueretan parte hartzea eta hori gainditzea merezimendu gisa baloratuko da zuzendaritza-taldeko kideen irakaskuntza-karreran.

Zuzendaritza-funtzioaren ebaluazioa. Prestakuntzarekin estu lotuta, dekretuak zuzendaritzaren jarduna ebaluatzeko eredua birplanteatzen du, zuzendaritza-taldeek XXI. mendeko eskolan garatu behar dituzten konpetentziekin bat etor dadin. Hezkuntza-ikuskaritzari dagokio ebaluazioa egitea. Bi motatako ebaluazioak bereizten dira:

  • Zuzendaritza-funtzioaren jardunaren ebaluazio formatiboa. Ebaluazio etengabea izango da, eta agintaldi osoan egingo da. Zuzendaritza-lana hobetzea da helburua, hobetzeko jarraibide zehatz eta bideragarriak emanez.
  • Jardunaren amaierako ebaluazioa. Zuzendaritza-taldeak agintaldia amaitzen duenean egingo da. Ebaluazio honetan balorazio positiboa lortuz gero, zuzendaritza-taldeek agintaldia berritu ahal izango dute.

Dekretuak zuzendaritza-funtzioaren eskumen-esparrua ere garatzen du, eta horren printzipio orokorrak dira, besteak beste, lidergo pedagogikoa, parte-hartzea, berrikuntza pedagogikoa, autoebaluazioa edo etengabeko hobekuntza. Eskumen-esparru hori ezartzeko, Hezkuntza Sailak kontraste-lan bat egin du hainbat ikastetxetako zuzendaritza-taldeekin, ikuskaritzarekin, prestakuntzaren arduradunekin eta Berritzeguneko aholkulariekin.

Zuzendaritzaren jarduna aitortzea. Dekretu berriko kapituluetako batean zuzendaritza-jardunean aritu direnentzat hainbat onura edo aitorpen jasotzen dira. Ikastetxeko zuzendaritza karrera erakargarri bihurtzea da helburua. Jardun hori aitortzeko neurri hauek nabarmentzen dira:

  • Zuzendaritza-taldeko kide guztien jardunaren ebaluazio positiboa irakaskuntza eta lanbide-meritutzat hartuko da irakaskuntzako funtzio publikoan lanpostuak betetzeko eta beste irakaskuntza-kidego batean sartzeko.
  • Zuzendariei ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzea, zuzendaritza-funtzioaren jarduna ebaluazio positiboarekin amaitzen bada, gehienez ere % 70era arte (osagarriaren % 20 finkatzea, zuzendaritzan 4 urte igaro ondoren; % 50 bi agintealdiren ondoren; % 60 hiru agintealdiren ondoren; % 70 4 agintealdirekin). Dekretu berriarekin, osagarri finkatuaren % 50era arte bi agintealdirekin iritsiko da –ohikoena hori izaten da–; orain arte % 40ra iristen zen epe berean.
  • Zuzendaritza-taldekideek ikastetxean egon beharreko egutegia eta ordutegia malgutzea, karguari dagozkion zereginak egiteko ikastetxearen ohiko ordutegi eta egutegitik kanpoko jardueretan emandako denbora konpentsatzeko.
  • Urtebete irakaskuntza-kargarik gabe, bigarren agintealdia amaitzean ebaluazio positiboa izan duten zuzendarientzat. Baimen hori hobekuntza profesionaleko ikastaroak egiteko edo zuzendaritza-talde hasiberrientzako tutoretza-lanak egiteko izango da.
  • Bigarren agintaldia amaitzean ikastetxez aldatu nahi duten zuzendariek lehentasuna izango dute ikastetxe publiko bat aukeratzeko, deitzen diren lehenengo bi lehiaketetan.
  • Ikuskaritza-kidegora sartzeko deialdietan, merezimendu-lehiaketa bidez hornitzeko lanpostuen hamarren bat gordeko da gutxienez hiru agintaldi osotan zuzendaritza-kargua ebaluazio positiboarekin bete duten zuzendarientzat.

Aitortza adierazteko atal horretan bertan, dekretuak zuzendaritza-jardunari laguntzeko hainbat neurri ere jasotzen ditu:

  • Zuzendaritzari beharrezko autonomia ematea berrikuntza-proiektuak garatzeko.
  • Ikastetxeei baliabide materialak eta pertsonalak hornitzea administrazio-lanetarako (zuzendaritzak zeregin burokratikoetatik liberatzea)
  • Ikastetxeei irakasle-kreditu espezifiko bat esleitzea zuzendaritza-funtzioa betetzeko, ikastetxearen neurriaren araberako irizpidez.