Eusko Jaurlaritzak abian jarri du Agenda 2030 Bonu Programaren II. edizioa

0
  • 2023ko Agenda 2030 Bonu Programaren deialdia 500.000 eurokoa izango da, eta euskal elkarteen sareko erakundeei zuzenduta dago
  • Laguntza horien gehieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa da proiektu bakoitzeko, eta 25.000 eurokoa erakunde batek berak bultzatutako ekimenen baturagatik
  • Horrela, dirulaguntzen programa honen helburua da dibulgazio-jarduerak ugaritzea eta dibertsifikatzea, eskala txikian eta kalean bertan
  • 2022an, sektoreko, eskualdeko, tokiko edo auzoko 50 elkarteri dagozkien 100 proiektu bultzatu ziren, guztira 423.176 euro

Atzo argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2023ko martxoaren 2ko Ebazpena, Lehendakaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiarena, 2023rako Agenda 2030 Bonuen Programaren dirulaguntzak deitzen dituena, 500.000 euroko guztizko zenbatekoarekin. 2030 Agendaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) zabalkunde- eta gizarte-ezagutzako ekintzak nahiz horien edukiari buruzko herritarren partaidetzarako ekimenak sustatzera bideratutako programa, euskal elkarte-sareko erakundeei horiek dinamizatzeko laguntza emanez.

2030 Agenda Bonuak Programaren bigarren edizioak aurreko dirulaguntzen programaren emaitza bera lortu nahi du, zehazki, dibulgazio-, hezkuntza-, prestakuntza- edo herritarren partaidetza-ekimenak biderkatzen laguntzea, eskala txikiko eta kalean bertan jarduerak sustatzeko aukera eskainiz. Horregatik, laguntza horien gehieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa da proiektu bakoitzeko, eta 25.000 eurokoa erakunde berak bultzatutako hainbat ekimenen baturagatik.

2030 Agenda Bonuen Programa 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programan aurreikusitako ekimena da, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren legegintzaldiko lan-plana osatzen duen dokumentua, Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) sustatzeari dagokionez.

Dirulaguntzen programa honen helburua da, azken batean, 2030 Agendaren ezagutza zabaltzea, GJHei atxikitzea eta zeharkako lankidetza sustatzea.

2030 Agenda Bonuak Programaren I. edizioari esker, joan den 2022an 50 gizarte-erakunderi eman zitzaien laguntza, guztira ehun proiektu garatzeko, dibulgaziozkoak, prestakuntzakoak edo elkarrizketa eta partaidetzakoak, Garapen Jasangarrirako Helburuei dagokienez. Emandako laguntza guztien batura 423.176 eurokoa izan zen guztira, eta egiaztatu zen programak bete-betean bete duela diseinatutako helburu biderkatzailea. Hori dela eta, datozen urteetan indarrean mantendu da hainbat proiekturi laguntzeko, baina lotura berarekin: 2030 Agendarekin eta GJHekin duen lokarria.

Agenda 2030 ikastaroen programa

Horrez gain, eta dibulgazio-helburu berarekin, Idazkaritza Nagusi honek 2030 Agendari buruzko dibulgaziozko prestakuntzako Programaren II. edizioa abiarazi du. Helburua da 2030 Agendaren ezagutza areagotzea herritarren artean, eta, lehen edizioan bezala, ikastaroa informazio argia, sintetikoa eta orientatua ematera bideratuko da, ez bakarrik Agenda teorikoki ulertzera, baizik eta, bereziki, hura praktikan gauzatzera, eta herritar guztiei zuzenduta egongo da.

Ikastaroak doakoak dira eta formato-eredua hiru orduko edo zazpi orduko prestakuntzan gauzatzen da, hiru ordu eta erdiko bi saiotan banatuta. Hala ere, eskariaren arabera, gidoia iraupen luzeagora egokitzeko pentsatuta dago, baita eduki generikoagoak edo espezifikoagoak eta espezializatuagoak eskaintzen dituen eskaintza batera ere.

2022an, Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak 2030 Agendari buruzko dibulgazio-prestakuntzako bi eskaintza sustatu zituen, herritar guztientzat irekiak. Lehenengo fasea udaberrian egin zen, eta bigarrena udazkenean. Guztira, 1.200 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten ikastaro horietan. Araban, 342 pertsona; Bizkaian, 492; eta Gipuzkoan, 474. Nabarmentzekoa da prestakuntza horietara bertaratutakoen ebaluazioak eta balorazioak oso positiboak izan zirela.