Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen artikulu bat aldatzeari, haren idazketa hobetzeko

0

Lege proposamenarekin, Legean araututako hirigintza lizentzia eta baimenak eteteko epeen zenbaketa argitu nahi da

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen aldaketa aintzat hartzeari, haren idazketa hobetzeko eta okerreko interpretazioak saihesteko. Horrela, EAJ/PNV eta PSE-EE legebiltzar taldeek testuaren estraktuak argitzeko eta aldatzeko egindako lege proposamena aintzat hartzearen aldeko irizpidea adierazi du.

Zehazki, Legearen 85. artikuluan araututako lizentziak, onespenak eta hirigintza baimenak eteteko epeen zenbaketa argitu nahi du lege proposamenak. Oraingo testuak bi etete epe posible ezartzen ditu: lehenengoa, gehienez urtebeterako, Aurrerapena formulatzeko erabakia hartzen denetik; eta bigarrena, gehienez bi urterako, plan orokorrak badira, edo urtebeterako, gainerako kasuetarako.

Artikuluaren egungo idazketak interpretazio oker bat egiteko bidea eman dezake. Horren arabera, aurrerapenarekin hartutako urtebeteko etendura epea hasierako onespenari lotutako bi urteen gehieneko zenbaketa kenduta amaituko da. Horregatik, idazketa hobetzea proposatzen da, bi epeen independentzia argi utziz, eta, beraz, gehieneko epea hiru urtekoa izan daiteke.

Aldaketak artikuluaren beraren enuntziatua ere jasotzen du, lizentziak emateaz gain, hirigintza onespen eta baimenetan ere izango duen eragina jaso dadin, artikuluaren testuan garatzen den bezala.

Beste bi aldaketak generoaren kontu ortografiko zehatz bati buruzkoa eta testuaren zati bat euskarazko bertsioan ez agertzeari buruzkoa dira.