Gobernua enpresen deslokalizazioa gogortzearen alde agertu da

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarekin batera. Mendiak, bere aldetik, gaurko bileran onartu den Enpleguaren Euskal Lege-aurreproiektua aurkeztu du. 

Gaurko Gobernu Kontseiluak EH Bilduren eskutik datorren Lege Proposamena aintzat hartzearen aldeko iritzia eman  duela azaldu du Gobernuaren bozeramaileak. Baliabide publikoak jaso ondoren deslokalizaziora doazen enpresek azken hamar urteetan jasotako laguntza guztiak itzuli behar izatea planteatzen duen proposamena da aintzat hartu dena. Gai honi buruz erregulazio nahihoa dagoen arren, Eusko Jaurlaritzak egoki ikusi du, Zupiriaren hitzetan, aurki Gobernuak berak onartuko duen dirulaguntzen araubidea erregulatzen duen Lege Proiektua eta gaur onetsitako EH Bilduren Lege Proposamena bateratzea eta izapidetzea, betiere Eusko Legebiltzarrak kontuan hartzen badu. 

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gaurko Gobernu Kontseiluan ADOS Aholku Batzordearen 2023-2026 Jarduera Programa aurkeztu da, Euskadiko komunitate islamikoekin lankidetzan aritzeko. Zupiriak azaldu duenez, ezaugarri horiek dituen bigarren dokumentua da abian jartzen dena, eta lehenengoan jada aurreikusten zen Komunitate Islamikoekin Lankidetzan Aritzeko Aholku Batzorde bat -ADOS- sortzea eta geroztik, batzorde hau sailen, erakundeen eta gizartearen arteko lankidetzarako gune bat izan da. 2026ra arteko Jarduera Programa berri honen helburua, besteak beste, ADOS Batzordearen zeregina sendotzea da, komunitate musulmaneko euskal herritarren kezkak edo aldarrikapenak aztertzeko elkarrizketarako eta baloraziorako gune gisa, aniztasuna eta eskubide eta betebeharren berdintasuna errespetatzeko esparru baten barruan.

Hezkuntza arloan, Lanbide Heziketarako Agindu bat onartu du gaurkoan Gobernuak 2023-2024 ikasturtean prestakuntza-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan garatu beharreko berrikuntza eta ekintzailetza-proiektuak egiteko. Ia 800.000 euroko diru kopurua du programa honek eta deialdiaren xedea da Lanbide Heziketako zentroetan irakasleak erabat edo partzialki liberatzeko aukera izatea berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetza proiektuak egin ahal izateko, ondoren jasotako ezagutza hori ikasleengana transferitu dadin, batez ere fabrikazio aurreratuan; Fabrika digitala eta konektatuan; Eraginkortasun energetikoa eta energia garbiak sortzen; Biozientziak eta Bioteknologian; Ekonomia jasangarrian; Ingurune birtualetan; 4.0 Osasunan etab. “Gobernua erabat jabetuta dago Lanbide Heziketa ezinbesteko bidelaguna dela enpresentzat profil profesional berriak garatzeko unean, eta ikasleen prestakuntza zein espezializazioa hobetzeko zereginean”, adierazi du sailburuak.

Halaber, Bingen Zupiriak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Departamentuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hemendik gutxira sinatuko duten hitzarmen bat baliozkotu dela gaur, tokiko zainketa-ekosistemak dinamizatu, ebaluatu eta zabaltzeko helburuarekin. Tokiko arreta pertsonalizatua eskaintzea du helburu, pertsona kalteberenei eta bereziki adinekoei. Bozeramaileak azaldu duenez, ekosistema horiek etxeko eta egoitza-zentroetako zainketen jarraitutasunaren inguruan egituratzen dira, eta pertsonalizatuak dira bakoitzaren beharrak eta lehentasunak zerbitzu eta eragileekin lotzeko. Eta tokiko dimentsio bat ematen zaio, hau da, arreta eta zaintza hurbiltasunaren printzipioan oinarritzen dira; horrek maila anitzeko gobernantza-estrategia bat aktibatzea dakar, udal-, foru- eta autonomia-mailak erlazionatuz eta familiak eta komunitatea bera aktiboki parte hartuz zainketetan eta erabiltzaileen arretarako sareen diseinuan.

Eta bukatzeko, gaur Gobernuak onartutakoaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 157.000 eurorekin artxibo pribatuen digitalizazioa lagunduko du. Publikoak ez diren artxiboak antolatu, digitalizatu eta zabaltzeko dirulaguntzak dira eta dirulaguntzen onuradunak artxibo-dokumentuan eta artxibo-funtsen titular diren eta izaera publikorik ez duten pertsonak, fisikoak zein juridikoak, izan daitezke.

Prentsa-txostena