Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 157.000 eurorekin lagunduko du artxibo pribatuen digitalizazioa

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du publikoak ez diren artxiboak antolatu, digitalizatu eta zabaltzeko dirulaguntzak ezartzeko 2023ko deialdia. Euskal herritarren dokumentu ondarearen parte diren artxibo-dokumentuan eta artxibo-funtsen titular diren eta izaera publikorik ez duten pertsonak, fisikoak zein juridikoak, izan daitezke dirulaguntzen onuradunak.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak honako programa hauek laguntzera 157.000 euro bideratuko ditu:

  • Artxibo-funts historikoak artxibo-irizpideen arabera antolatzea, batez ere XX. mendeko dokumentazioa dute eta Euskal Autonomia Erkidegoko Dokumentu Ondarea osatzen dutenak.
  • Aurretiaz datu-base batean antolatutako eta deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatzea. Proiektuek barne hartu behar dute kontserbazio iraunkorreko artxibo digital baten sorrera, bai eta kopia digital baten sorrera ere, Euskadiko Artxibo Sistemaren web-orriaren bitartez zabaltzeko.

Dirulaguntzak jaso ahal izateko programak 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2022ko deialdian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 17 programa lagundu zituen diruz besteak beste honako hauen digitalizazio proiektuak: Aranzadi Zientzia Elkartea, Asociación de Amigos del Museo del Hierro de Legazpi “Burdinola”, Eibarko Klub Deportiboa, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa, Real Automóvil Club Vasco Navarro edota Loiolako Santutegia.