476.000 euro lanbide heziketako itunpeko ikastetxeetako eskaintza partzialerako

0

Gobernu Kontseiluak gauko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzenduriko Agindu bat. Honen bidez, dei egiten zaie aipaturiko ikastetxeei 2023-2024 ikasturterako dirulaguntzak eska ditzaten, eskaintza partzialeko modalitatean heziketa-zikloak emateko. Deialdi honen baitan eman daitezkeen dirulaguntzen guztizko zenbatekoa 476.000 eurokoa da.

Kopuru hori honela banatuko da: %70 industria-arloko zikloetara bideratuko da, eta %30 zerbitzuen eta eta bestelakoen arloko zikloetara.

Eskaintza partzialak, modulu edo ikasgai solteetan matrikula egiteko aukera ematen dio Lanbide Heziketako ikasleari. Ohiko matrikulan, aldiz, ikasleek ikasturteko modulu guztietan matrikulatu behar izaten dute. Eskola orduetan bertaratzeak derrigorrezkoa izaten jarraitzen du modalitate honetan, baina denbora gutxiago eskaintzen zaionez, ikasleak bestelako jarduera batzuekin bateratu dezake modulu hauek ikastea.

Kualifikazio maila hobetu nahi duten 18 urtetik gorako pertsonei zuzendua izaten da eskaintza partziala, betiere Lanbide Heziketako zikloetara sartzeko baldintzak betetzen badituzte. Lanbide-modulu hori edo horiek gaindituz gero, ziurtagiri akademikoa eta lortutako konpetentzien inguruko akreditazio partziala eskuratzen ditu ikasleak. Matrikulazio epea ikasturte hasieran ireki ohi da.

2022-2023 ikasturte honetan, Lanbide Heziketako itunpeko 8 ikastetxek eskaintzen dute eskaintza partziala. Zehazki, 9 heziketa-ziklotako 46 modulu, erdi mailakoak nahiz goi mailakoak.