Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 14,5ekoa da 2023ko lehen hiruhilekoan

0

Langabezia-tasak 2022ko lehen hiruhilekoan izan zuen mailan (% 14,6) jarraitzen du, eta 2019, 2020 eta 2021 urteetan erregistratutako zifren azpitik dago. 16-29 urteko gazteen langabezia-tasa ia sei puntu handiagoa da Euskadiko biztanleria osoarena baino (% 8,7).

Gazteen langabezia-tasa -1,4 puntu jaitsi da aurreko hiruhilekoaren aldean, baina biztanleria osoan +0,2 puntu igo da.

Aurkeztutako datuak Biztanleriaren Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko inkestaren emaitzak dira, 2023ko lehen hiruhilekoari dagozkionak, hain zuzen ere. BJA Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak helarazten dizkio, azken honek gazteen egoera aztertu ahal izateko.

Langabezia-tasak zera adierazten du: enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren eta azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsona aktiboen ehunekoa. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.

Covid19aren pandemiak sortutako egoeraren ondoriozko gorakadatik errekuperatzeaz gain, langabezia-tasa 2019an erregistratutako zifren azpitik dago.

2023ko lehen hiruhilekoan, emakumeen langabezia-tasa gizon gazteena baino handixeagoa da (% 15,3 eta % 13,8, hurrenez hurren). 2021ean izan ezik, emakume gazteek gizonek baino langabezia-tasa handixeagoak izan dituzte, urteko lehen hiruhilekoetan behintzat.

Gazteen jarduera, okupazio eta langabeziari buruzko datu gehiago kontsulta ditzakezu Gazteen Euskal Behatokiaren Estatistiketan.