Eusko Jaurlaritzak 8 milioi euro inguru bideratuko ditu Arabako Errioxako ardoa destilatzeko

0

• Ezohiko laguntzak dira, Arabako Errioxako upeltegi txikiei laguntzeko

Errusiak Ukrainan egindako inbasioak bizkortutako inflazio global handiaren ondorioz, zeinak urtearen hasieran horniduraren eta materialen krisia eragin duen, eta energia eta erregaien garestitzearen ondorioz, euskal mahastizaintza eta ardogintzako merkatuan salmentak murriztu egin dira (batik bat esportazioei dagokienez) eta zailtasunak ditu ardoaren stocka merkaturatzeko.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak destilatzeko laguntzak abiarazi ditu. Euskadiko upeltegien egonkortasunari laguntzeko ezohiko neurri ekonomikoetako bat da. Laguntza horiek ez ezik, Eusko Jaurlaritzak aktibatutako 7,3 milioi euroko ezohiko neurriak eta uzta berderako laguntzak (EAZP) ere badaude.

Aurrekontu-zuzkidura

Deialdi honetara 7.860.000 euroko zuzkidura ekonomikoa bideratu da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura.

Laguntzaren balioa honela kalkulatuko da: 2022an Euskadin, Errioxa JDKren esparruan, upeltegi bakoitzak ekoitzi duen ardoa bider destilatuko diren litroen bolumena. Upeltegiko edozein urtalditako ardoak destilatu ahal izango dira.

Hala, honako hauek izango dira destilatutako litroko zenbatekoak:

• 0,90 €/litro, 500.000 litro edo gehiago ekoitzi duten upeltegientzat.
• 1,00 €/litro, 250.000 litro edo gehiago eta 500.000 litro baino gutxiago ekoitzi duten upeltegientzat.
• 1,10 €/litro, 250.000 litro baino gutxiago ekoitzi duten upeltegientzat.

Destilatu daitezkeen litroen gehieneko kopurua honako tarte hauetan bereizi da, 2022ko ekoizpenaren arabera:

• % 10, 500.000 litro edo gehiago ekoitzi duten upeltegientzat.
• % 15, 250.000 litro edo gehiago eta 500.000 litro baino gutxiago ekoitzi duten upeltegientzat.
• % 20, 250.000 litro baino gutxiago ekoitzi duten upeltegientzat.

Ekoizpen-tarteen, destilatu beharreko gehieneko kopuruen eta banakako laguntza zehazteko intentsitateen planteamendu horrekin, positiboki diskriminatzen dira Arabako Errioxako upategi txikiak, haiek baitira ahulenak gaur egun merkataritzak dituen zailtasunen esparruan.

Aurreko ekitaldietan ekoitzitako ardo babestu guztiak destila daitezke, betiere COVID-19an zehar biltegiratze-laguntzen programen onuradun izan ez badira.

Laguntzak bi epetan ordainduko dira. Laguntzaren % 25 ebazpenaren unean ordainduko da eta gainerakoa destilazioa justifikatzen den unean.

Laguntzak egoitza soziala eta zerga-egoitza Euskadin dituzten upeltegientzat da, baldin eta Errioxa JDK duen ardoa ekoizten badute Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan (NEIE) alta emanda dagoen establezimendu batean. Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailea entitateak laguntzak kudeatzen lagunduko du eta eskatutako ardo destilazioen prozesuak kontrolatu eta ziurtatuko ditu.

Eskaera egiteko epea

Laguntzen deialdi honetan parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, funtsak agortu arte.

Eskaerak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkez daitezke.

Informazio gehigarria