Jokin Bildarratz: «Euskal Eskola Publikoko inbertsioak dira gure lehentasun nagusienetakoa Hezkuntza Legea garatzerakoan»

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan, atzo Gobernu Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege Proiektua onartu ostean. Gai horrek hartu du, hain zuzen ere, elkarrizketaren zatirik handiena.

Bildarratzek albiste “ezin hobetzat” jo du atzo bizi izandakoa, “duela 30 urte direlako Gobernu Kontseilu batek ez zuela testu artikulatu bat onartzen (hezkuntza arloan)”. Atzo onartutako testua Legebiltzarrera bidalia dagoela azaldu du, hezkuntza eraldatzeko helburuarekin eta begirada datozen 30 urteetan jarrita. Gogorarazi du, gainera, Legebiltzarreko eztabaidan ohikoa ez den prozedura jarraitu dela horretarako. “Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarraren mandatua jaso zuen, legebiltzarkideen % 90 baino gehiagoren babesarekin, eta bertan jada ezartzen zigun guk testu artikulatua definitzeko nahi zuen jokalekua”.

Zentzu horretan, sailburuak azpimarratu du atzo onartutako testuak leialki eusten diola 2022ko apirilaren 7ko akordioaren espirituari, “eta horrela itzuli diogu testu artikulatu hau Legebiltzarrari”.

Lege Proiektua onartu ondoren hezkuntzako eragile eta alderdi politikoengandik entzun diren erreakzioei dagokienez, Bildarratzen esanetan, “horrek esan nahi du lanean jarraitu behar dugula. Testua Legebiltzarrera bidali dugu. Orain, Legebiltzarreko taldeek izan ditzaketen ñabardurak edo pertzepzioak argitzen eta zuzentzen joateko unea da, eta, zentzu horretan, nik talde parlamentarioak benetan akordio zabal baten bila saia daitezen animatuko nituzke, hezkuntzak horixe merezi baitu”.

Hauteskunde kanpainaurrean gauden honetan, eta udal eta foru hauteskundeen ondoren iritsiko diren hurrengo hauteskunde prozesuen aurrean, “hezkuntza ika-mika politikotik kanpo uztea” eskatu du.

Testu artikulatuak jasotzen dituen edukiei heldurik, Bildarratzek testuaren elementu bereizgarri batzuk nabarmendu eta aletu ditu, hala nola Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa; Udal hezkuntza-kontseiluak, horiek gizarte-kohesiorako izango duten funtsezko eginkizunarekin; Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua; Euskal Hezkuntza Sistemarako plan estrategikoa; edo Euskal Hezkuntza Sistemaren kontzeptuaren barruan lehen aldiz sare publikoa zein itundua arautzea. Era berean, testu berriak ikastetxeen autonomiari, zuzendaritza-taldeen lidergoari edo irakasleen prestakuntzari ematen dien garrantzia aipatu du, hezkuntzaren bikaintasuna lortzeko elementu gisa.

Hizkuntza-ereduei buruz galdetuta, sailburuak gogorarazi du familiek eskubidea dutela eta izango dutela beren seme-alabentzako hizkuntza-eredua aukeratzeko, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua diseinatuko duela inguruko errealitate soziolinguistikoaren arabera, eta lege-proiektuak DBH amaierarako ikasleen irteera-profila ere ezartzen duela, B2 mailarekin bai euskararako bai gaztelaniarako, eta B1 mailarekin atzerriko hizkuntzarako.

Arau berria onartzeak eskatuko duen finantzaketari dagokionez, Bildarratzek ziurtatu duenez, “lege hau garatzerakoan Euskal Eskola Publikoko inbertsioak izan dira gure lehentasuna. Hori izango da gure lehentasuna datozen 10 urteetarako, eta konpromiso hori hartu dugu”.