Euskadi izango da buru datorren astean Cardiffen Arku Atlantikoko Batzordearen Batzarrean

0
  • Bileran behin betiko bultzada emango zaio Makroeskualde Atlantikoaren konfigurazioari

Marian Elorza Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak zuzenduko du, Lehendakariaren izenean, Arku Atlantikoko Batzordeak (AABk) Cardiffen (Galesen) maiatzaren 23an eta 24an egingo duen Batzar Nagusia. Batzarrak izaera sinboliko nabarmena du, Brexitaren ostean batzorde hori Erresuma Batuan biltzen den lehen aldia baita.

Bileran Arku Atlantikoko Batzordeko kide diren lurraldeetako kanpo-ekintzako sailetako arduradunek hartuko dute parte, eta Galesko ministro nagusi Mark Drakefordek hartuko ditu, hari baitagokio anfitrioi-rola. Era berean, Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako presidente Cees Loogen, Europako Parlamentuko kide bat eta Quebec-eko gobernuaren ordezkari bat gehituko zaizkio programari. Lan-saio batzuetan Atlantikoko hainbat ikerketa-zentrotako ordezkariak ere egongo dira.

Cardiffena Batzar erabakigarria izango da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioarentzat; izan ere, bozkatuko den Adierazpenean Makroeskualde Atlantikoaren konfigurazioa ezartzen da, eta Espainiak Europar Batasuneko lehendakaritza izango du urteko bigarren seihilekoan.

Hain zuzen ere, Atlantikoko makroeskualde baten sorrera aztertu zen joan den martxoan Ajuria Enea Jauregian egindako bileran. Bilera horretan, Iñigo Urkullu Lehendakaria, gaur egun AABko presidentea, eta Galesko ministro nagusia, Mark Drakeford, izan ziren, eta agerian geratu zen Euskadiko eta Galesko gobernuek proiektu horrekin duten konpromisoa.