Eusko Jaurlaritzak hogei urte bete ditu Bioterran produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren alde

0
  • 80 enpresa erakusketarik dagoeneko baieztatu dute Bioterra 2023n parte hartuko dutela
  • 2022an, nekazaritza ekologikoko mila hektarea berri baino gehiago ziurtatu ziren, animalien ekoizpena % 8 hazi zen, eta profesionalen errolda, berriz, % 1.
  • Bioterra ekainaren 2tik 4ra egingo da Ficoban

Ingurumenaren Iraunkortasuneko sailburuorde Amaia Barredok Bioterra 2023ren aurkezpenean nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak ekologiaren munduan erreferentzia den azoka honekin duen konpromisoa.

Urte berezia da aurtengoa Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Euskadiko Azokarentzat. Hogeigarren edizioa du, eta osasun bikaina; hala ziurtatzen dute 19 urte hauetan azokan parte hartu duten 190.000 lagun inguruk eta 2.200 enpresa erakusketari baino gehiagok.

Denbora horretan guztian, Bioterra ezinbesteko hitzordu bat bihurtu da, eta ingurumena errespetatzen duten produktu eta zerbitzuekin konprometitutako pertsonen eta enpresen komunitate bat sortu du, eta egunez egun hazten ari da.

19 urte hauetan, Bioterrak bere helburuak lortu ditu, eta Estatuko iparraldean eta Frantziako hegoaldean, erreferentziazko azoka ekologiko bat bihurtu da. Errealitate horren atzean, arrazoi batzuk daude.

Bisitariek eta enpresa erakusketariek osatzen duten publiko horrek hasiera hasieratik baloratu du Bioterraren zertasun ekologikoa. Batzorde Antolatzaileak bermatzen du zertasun hori; izan ere, 2004an abian jarri zenetik, sektoreko elkarte eta operadore espezialistak bertan sartuta daude.

Bioterraren beste ezaugarri bat, arrakastaren oinarria dena, ekologiaren kultura dibulgazio jardueren bidez sustatzea da. Alde horretatik, nabarmendu behar da Bioterra gai izan dela kultura ekologikoko erreferenteak ekartzeko Ficobara, besteak beste, Nobel Sari Alternatiboa den Vandana Shiva, edo Masaru Emoto japoniarra.

Bioterrak badu akuilagarririk hurrengo 20 urteei ere ekiteko; izan ere, gorantz egiten ari diren sektore horiek interes berritua eskaintzen die gizarteko gero eta talde zabalagoei. Interes horren isla da azoka egiteko bi hilabete falta direnean dagoeneko 80 enpresa erakusketarik baieztatu dutela hogeigarren edizio honetan parte hartuko dutela. Dagoeneko, komertzializatuta dago erakusketa eremuaren % 75.

Ficobako azoka ekologikoaren hogeigarren edizioa ekainaren 2tik 4ra egingo da, eta, enpresa erakusketari ugarik parte hartzeaz gain, jarduera eta hitzaldi eskaintza zabal bat ere izango da planetaren jasangarritasunaren alde lan egin nahi duten bisitarientzat.

Nekazaritza ekologikoaren balantzea

Urtetik urtera, nekazaritza ekologikoa gorantz egiten ari da Euskadin. 2022an, 1.199 Ha ziurtatu ziren, eta, horrenbestez, orain, Euskadin, nekazaritzako lurren ia % 5 ekologiko gisa ziurtatuta daude. Urtez urte, % 15aren erritmoan hazi da azalera, eta Gipuzkoak izan du hazkunde nabarmenena, abeltzain handien % 35ek eman baitu izena.

Profesionalen hazkundea lurraldeka

Euskadin, guztira, 43 profesionalek eman dute izena. Goranzko lerroak bere horretan jarraitzen du, baina errealitate horren atzean belaunaldi erreleburik eza dago nabarmen; hori da hazkunde motel horren arrazoi nabariena.

Lurraldeka, hazkundea handiagoa izan da Araban (% 41,8), 219 profesional, guztira; kopururik handiena, ordea, Gipuzkoan dago, 285 lagun dira eta. Bizkaian, aldiz, % 2 jaitsi da.

Abeltzaintza ekologikoa, hazten ari den sektorea

Hazkunde handiena haragitarako hegazti eta behi hazkuntzan gertatu da. Guztira, 138 profesional daude abeltzaintza ekologikoan ziurtatuta. Araban, 32; Bizkaian, 47, eta Gipuzkoan, 59.
Hala ere, profesional gehienak baratzezaintzan eta frutagintzan aritzen dira, eta, ondoren, mahastizaintzan. Hiru jarduera horietan hazkundea iraunkorra eta etengabea izaten ari da. Aurreko urteetan ez bezala, ziurtatutako agenteen kopuruak behera egin du merkaturatze alorrean (% 7ko jaitsiera) eta inportazioan (20 profesional ziurtatutik 16ra).

Aktore guztiak beharrezkoak dira

Une honetan, Euskadin, nekazaritzako lurren ia % 5ek dute ziurtagiri ekologikoa.
Eten hori pixkanaka ixteko, ezinbestekoa da aldaketa ekologiko handiagoa lortzeko baldintzak sortzea, eta testuinguru horretan, ekoizleek, administrazioak eta kontsumitzaileek zeregin garrantzitsua dute.

Testuinguru horretan sortu da, halaber, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren Ekolurra bereizgarria. Bereizgarri propioa da, Euskadin ekoizten eta/edo prestatzen diren elikagai ekologikoak identifikatzen dituena. Gainera, zenbait betekizun gehiago ezartzen ditu elikagaien etiketa ekologikoan ezarritako gutxienekoetan, elikagai horiek bereizteko eta balioa emateko.

Ekolurra bereizgarriak esan nahi du elikagai ekologikoa dela, lurrari lotua, nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren onura guztiekin eta kalitatezko ezaugarri bereizgarria ematen dioten beste ezaugarri batzuekin, eta, gainera, jasangarritasun-estandar maximoei jarraituz ekoiztu edo landu dela.