Josu Erkorekak “PAvCon Europe 2023”, Ertzaintzaren Iurretako basean antolatu den Europako polizia-abiazioko biltzarrik garrantzitsuena, bisitatu du

0
  • Bi egunetan, Ertzaintzaren instalazioak punta-puntako industria aeronautikoa erakartzeko nazioarteko gune bihurtuko dira
  • Iurretako basea Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatearen egoitza da eta, horren barruan, bere aeronautika-atalarena. Atal hori erabat espezializatuta eta profesionalizatuta dago segurtasun publikoaren prebentziorako, herritarrak babesteko eta arriskuan dauden pertsonak erreskatatzeko helikopteroen eta tripulatu gabeko aireontzien erabilpenean

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak eta beste agintari batzuek lagunduta, “PAvCon Europe 2023”, polizia-abiazioaren sektorearen eta horri lotutako industriaren Europako biltzar nagusia, bisitatu du. Munduko bigarren topaketarik garrantzitsuena ere bada, Estatu Batuetan egiten den “Airborne Public Safety Association, APSA” biltzarraren ondoren.

Nazioarteko biltzar hori 2008tik egiten da munduko polizia-zentro, aerodromo eta enpresa ezberdinetan. Horrela, aurreko edizioak, esate baterako, Alemaniako polizia federalaren eta Herbehereetako polizia nazionalaren egoitzetan eta Airbone Technologies enpresa multinazionalaren egoitzan egin ziren. Biltzarra Euskadin egiten den bigarren aldia da. Aurrekoa 2011n egin zen, kasu hartan ere Ertzaintzaren Iurretako instalazioetan, eta, besteak beste, 11-Sko atentatuak gertatu zirenean New Yorkeko Poliziako pilotuen burua zenak parte hartu zuen.

Ertzaintzak nazioarteko biltzar garrantzitsu hori egiteko Iurretako basea aukeratu du, hain zuzen ere, bertako instalazioak egokiak direlako horretarako. Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitatearen gaur egungo egoitza da eta, horren barruan, bere aeronautika-atalarena. Atal hori erabat espezializatuta eta profesionalizatuta dago segurtasun publikoaren prebentziorako, herritarrak babesteko eta arriskuan dauden pertsonak erreskatatzeko helikopteroen eta tripulatu gabeko aireontzien erabilpenean.

Bi egunetan, Iurreta Europako punta-puntako teknologia eta industria aeronautikoa erakartzeko nazioarteko ezagutza gune bihurtuko da. Tripulatutako eta tripulatu gabeko aireontziekin zerikusia duten aurrerapen teknologikorik ikusgarrienak ezagutu ahal izango dira bertan, eta goizez eta arratsaldez egingo diren mahai-inguru, ponentzia eta standetan lan egiteko modu berriak aurkeztuko dira.

PAvCon Europe 2023” biltzarrean sektoreko polizia eta enpresa nagusiak izango dira ordezkatuta:  Frantziako Jendarmeria; Irlandako Garda Siochana; Herbehereetako, Belgikako eta Suediako Polizia Nazionala; Bavariako Estatu Polizia; Norvegiako Defentsa Ministerioa; Esquadra Mossoak; Narrafoako Foruzaingoa; Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentzia (AESA); Airbus Helicopters, Flysight, Flighcell, Leonardo, Airborne Technologies, Skyops, LICO, eta abar. Era berean, sektorean liderrak diren euskal enpresek ere parte hartuko dute, besteak beste, egoitza Durangon duen SVP AEROSPACE enpresak.

Helburua elkarrekiko lankidetza publiko-pribatua bideratzea da, eta, batez ere, segurtasun publikoan espezializatutako unitate aeronautikoak dituzten polizia integralen artean esperientziak trukatzea.

Atzo, nazioarteko biltzar honi hasiera eman aurretik, mundu mailako adituak dituzten polizietako pertsonalari bakarrik zuzendutako formakuntza-jardunaldi bat egin zen.

Informazio gehiago: https://www.pavconeurope.eu/pavcon%2023.htm