Sexu transmisiozko infekzioen hazkunde iraunkorraren aurrean gizarte-kontzientziazioa bultzatzen du Osasun Sailak

0

 

Prebentzio-programa guztiak mantentzeaz gain sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian, batez ere gazteenei zuzendua, 15-24 urteko tartean biltzen baita 4 STItik 1

 

 

Sexu-transmisiozko infekzioak (STI) mundu mailako osasun-arazo bihurtu dira, eta milioi bat kasu berri izaten dira egunero. Eta Euskadi ez da salbuespena, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik gaur goizean Bilbon aurkeztu duen Hiesaren eta STIen Euskal Planaren Memoria 2022n jasotako datuek erakusten duten bezala, 2000tik hazkundea iraunkorra izan dela egiaztatzen dutenek.

Hala, STIen 3 kontsulta nagusietan, Araba, Donostia eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleetan, azken 5 urteetan (2018-2022) gonokoziaren diagnostikoak % 177 hazi dira eta sifilisarenak % 53. Gainera, azken urteotan indarrez sartu da Chlamydia tracomatis bidezko infekzioa, eta, hain zuzen ere, STI nagusiena bliakatu da.

 

2022an bakarrik, 1.514 chlamydia kasu (2021ean 1.479 izan ziren) diagnostikatu ziren Euskadin; 1.189 infekzio gonokoziko (2021ean 988) eta 311 sifili kasu (2021ean 294), kasu honetan STI kontsulten multzoan (hau da, aipatutako hiru kasuak gehi Donostia eta Basurtu ospitaleetako Mikrobiologia zerbitzuetakoak eta Mendaroko Ospitalekoak (2021az geroztik sartu dira horien datuak).

 

Gainera, egiaztatu da sexu-transmisiozko infekzioak bereziki gazteenei eragiten ari zaizkiela, eta, beraz, STIen laurden bat 15 eta 24 urte bitarteko adin-tartean detektatzen da. Zehazki, 2022an, adin horiei egokitu zitzaizkien chlamydia kasuen % 29,5, gonokozien % 23,3 eta sifilis diagnostikoen % 17.

 

Gotzone Sagardui sailburuak esplizituki eskertu nahi izan du STIen kontsultetako osasun-profesionalek STIen gorakada nabarmen horren aurrean egiten duten ahalegin eta lan handia, pertsona horiek guztiak diagnostikatuz eta tratatuz.

 

Ez egin matchik STIekin

 

 

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak nerabeen eta gazteen prestakuntza afektibo/sexualari begira garatzen dituen ekintza eta programez gain, Osasun Sailak erabaki du STIen gorakada nabarmenaz ohartarazteko ekintza osagarriak abian jartzea.

 

Horien artean, sailburuak berak gaur aurkeztu duen informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat, preserbatiboa erabiltzeko beharra azpimarratzen duena infekzio-mota horiek ez transmititzeko metodo eraginkorrago gisa.

 

Kanpaina hedabide konbentzionaletan eta sare sozialetan garatuko da, eta infekzio bakoitza Tinder plataformako profil gisa irudikatzean datza. Plataforma horren gainean, Ez egin matchik STIekin erabili preserbatiboa goiburua irakur daiteke. Ekimena uda hasieran jartzen da abian, aisiarako eta elkarraldi pertsonaletarako urteko sasoirik egokienean, eta diagnostiko goiztiarraren garrantzian jartzen du arreta.

 

Kontzientziazio-kanpaina horretaz gain, Euskadiko Hiesaren eta STIen Planak ikastetxeen eskura jartzen du sexualitatearekin lotutako arriskuak prebenitzeko programa hau: “GIB, STI eta nahi gabeko haurdunaldia prebenitzeko Programa”. 2022-2023 ikasturtean, 115 ikastetxek material pedagogikoa eskatu zuten, eta 595 gida banatu ziren irakasleentzat, 9.612 gida gazteentzat eta 10.389 preserbatibo.

 

 

 GIB BIDEZKO INFEKZIOAK

 

 

GIBari dagokionez, Euskadin 127 infekzio erregistratu ziren iaz, 2021ean 119, 2020an 105, 2019an 147 eta 2018an 171. Horrek esan nahi du 2022an 5,8 kasu egon direla 100.000 biztanleko. % 75,6 gizonei dagokie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 38,3 urtekoa da. Sexua gizonekin duten gizonen transmisioak gehiengoa izaten jarraitzen du (% 56,7). Infekzio berri guztien % 57,7an diagnostikoa berantiarra izan zen.

 

Osakidetzak 6.273 paziente artatu zituen erretrobirusen aurkako tratamenduekin 2022an (6.122 paziente 2021ean), 17.743.391 euroko gastuarekin, aurreko urtean baino % 5,5 gehiago.

 

Izan ere, Hiesaren eta STIen Euskal Planaren esparruan, eta Osakidetzaren ondoz ondoko plan estrategiko espezifikoen bidez (azken plan hori maiatzaren 30ean onartu zen), Euskadik bere prebentzio-programa guztiak aktibo mantentzen jarraitzen du. Lehen aipatutako hezkuntza-eremuaz gain, hauek nabarmentzen dira besteak beste:

 

 

 

GIBaren aurreko profilaxi programa (PrEP), 2019ko azaroan abian jarria eta GIBak infektatzeko arrisku handia duten pertsona osasuntsuei zuzendua, GIBak eragindako infekzioaren tratamendu prebentiboa agintzen baitzaie (Tenofovir disoproxilo 300 mg + Emtricitabina 200 mg). Hiru urte horietan, medikamentu horiekin prebentzioz tratatutako pertsonak 674 dira.

 

-Euskadin egindako prebentzio-ahalegina diagnostikoan atzerapenak saihestera ere hedatzen da, EAEko farmazietan egiten diren GIB test azkarren bidez: guztira 1.009 izan ziren 2022an, eta horietatik 10 positiboak izan ziren (% 1).

 

-Osakidetzak, kontsulta presentzialez gain, online kontsulta birtual bat eskaintzen du gizonekin sexua duten gizonentzat, sexu-transmisiozko infekzio baten sintomei buruzko galderak modu anonimoan planteatzeko aukera ematen duena. 2022an, 238 erabiltzaile izan ziren.

 

Osasuneko sailburua Itziar Larizgoitia Osasun Publikoko zuzendariarekin eta Arantxa Arrillaga Hiesaren eta STIen Planaren arduradunarekin egon da, eta sexu-transmisiozko infekzioen arloan GKEek egiten duten lana nabarmendu du. Izan ere, prebentzio-programak, proba azkarrak egiteko programak eta pertsona kalteberenei osasun-sistemara laguntzeko programak ezinbesteko osagarriak dira. Zentzu horretan, Sailak eutsi egiten dio GIBaren eta STIen arloan lan egiten duten GKEei zuzendutako dirulaguntzen ildoari; 2022an 300.000 euro jaso zituzten guztira.

 

 Informazio gehiago: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osakidetza-eus/-/gib-hiesa/

 

Memoria 2022: https://www.osakidetza.euskadi.eus/contenidos/informacion/osk_osaesk_salud_sex_vih/eu_def/adjuntos/Memoria-VIH-e-ITS-2022.pdf