Puntu Morea Zarauzko Malekoian

0

Datorren astean, Aste Nagusiko festen baitan, Parekidetasun departamentuak Puntu Morea gunea jarriko du Malekoian, 14, 15 eta 16 egunetan, 22:00etatik 01:00era, «Eraso Sexistarik Gabeko Jaiak” lelopean.

Gune honetan eraso sexisten inguruko informazioa eta aholkuak emango dira. “Parekidetasun departamentuak bultzaturiko ekimen honen helburua da, bereziki gazteen artean, sentsibilizazio lana egitea da”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Honekin batera, emakumeren batek laguntza beharko balu, edo norbaitek erasoren bat salatu nahiko balu, gune honetan beharrezko laguntza eskainiko zaio”.

“Argi esan nahi dut emakumeok libre eta seguru ibili nahi dugula kaleetan. Ez dugu onartuko inongo erasorik egotea gure herrian. Ez jaietan, ezta beste edozein momentuan”, gehitu du Vazquezek. “Jaietan desinhibizio gehiago izaten da eta, horregatik, garrantzitsua da festen atarian jarrera matxisten eta erasotzaileen aurrean gaitzespen irmoa egitea”.

Kontzientziazio lan honen baitan, honakoak banatuko dira Puntu Morean:

–    Txapak eta pegatinak, erasoen aurkako mezuekin, hala nola, “Ez ezazu nire espazioa inbaditu”, “Nire janzkera ez da gonbidapena”, “Ni ere eraso sexisten aurka” edo “Erasotzea delitua da, defendatzea ez!”.
–    Zer da eraso matxista eta zer egin horren aurrean jasotzen duen eskuorri bat.
–    Preserbatiboak.
–    Sexu aholkularitza gunearen informazioa.
–    Mapa Morea
–    Indarkeria jasaten duten emakumeentzako Udalaren baliabideak eta zerbitzuen gida.

Honez gain, gune honetan bertan photocall bat jarriko da mezu hauekin argazkiak ateratzeko. Emakumeen* Etxeko webgunean jarriko dira hauek, guztion artean mezua zabaltzeko, gizarte osoaren inplikazioa beharrezkoa baita emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzeko.