Bizkaiak askatasunaz gabetuta dauden eta gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten pertsonentzako lehen egoitza-zentroa ireki du

0
  • Eusten proiektua hirugarren gradura igaro behar duten, baina beren mendekotasuna artatzeko familia- edo gizarte-babesik ez duten pertsonei zuzenduta dago
  • Foru Aldundiek eta Osasun Sailak kudeatutako zerbitzu soziosanitario komunitarioak indartzen dituen trantsizioko baliabide bat da
  • Baliabide horrek bost plaza ditu eta Kartzela Pastoraltzari lotutako Bidesari erakundeak kudeatzen du; joan den abuztuaren 2az geroztik, bi pertsona bizi dira bertan

Nerea Melgosa sailburuak zuzentzen duen Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Euskal Espetxe Eredua inplementatzeko baliabide berri bat du joan den abuztuaren 2az geroztik. Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten eta hirugarren espetxe-gradura igaro behar duten, baina beren beharrei erantzuteko gizarte- edo familia-babesik ez duten askatasunaz gabetutako pertsonentzako arreta-zentro bat da. Beraz, trantsizioko baliabide bat da, foru-aldundiek eta Osasun Sailak garatutako sistema soziosanitarioan behin betiko sartu aurreko urrats gisa sortua.

Espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik, Eusko Jaurlaritzak giza eskubideak errespetatzearen eta presoei arreta duina bermatzearen garrantzia defendatu du. Hori dela eta, arrazoi humanitarioetan oinarritu du lehen zentro hori ireki izana, uste baitu espetxean inork ez dituela igaro behar zigorra betetzeko dagozkionak baino egun gehiago. Ildo horretan, gaixotasun larriak eta degeneratiboak dituzten eta mendekotasun handiko egoeran dauden pertsonak hirugarren gradura igaro daitezke baldintzapeko askatasuna lortu aurretik, eta, horren ondorioz, adierazitako arreta soziosanitarioko sistemara jo dezakete. Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko partida bideratu du proiektu horretara.

Proiektuak Eusten du izena, eta Bidesari erakundeak kudeatzen du. Bilboko Gotzaindegiko Kartzela Pastoraltzaren eskutik sortutako Hirugarren Sektore Sozialeko erakundea da, eta ia hiru hamarkada daramatza bazterketa-egoeran dauden espetxeetako presoen beharrei erantzuten.

Bidesarik hainbat proiektu pertsonalizatu ditu, esku-hartze global baten parte direnak. Eta, joan den abuztuaren 2az geroztik, Bizkaiko baliabide honetan bizi diren bi pertsonak artatzen ditu, bost plaza eskuragarrirekin.

Bidesariko profesionalek arreta integrala eta jarraitua eskaintzen dute, eta, horren bidez, prozesu pertsonal eta sozialetan laguntzen zaie erabiltzaileei haien azken bizi-zikloan, betiere kontuan hartuta askatasunaz gabetutako pertsona gisa dituzten tratamendu- eta erregimen-beharrak.

Ematen den arreta eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak erraztera bideratuta dago, hala nola etxeko arreta eta osasun-arreta (azken arreta hori Osakidetzako osasun-zerbitzuek emango dute).

Egonaldiaren iraupena zigorraren eta zigortuaren osasun-egoeraren araberakoa izango da, eta zigortuak konpromisoa hartu beharko du zenbait betebehar betetzeko, hala nola bere gizarteratze-prozesuan inplikatzea, bizikidetza-arauak betetzea eta jarduera eta zeregin komunetan laguntzea.