«Neurketa hobea egin nahi genuen»

0

Ezin izan da izan. LaLiga EA Sportseko edizio berriaren estreinaldian kale egin du Athleticek eta entrenatzaile zuri-gorriarentzat Real Madridek garaile justua izan da: «Real Madriden garaipena justua izan da. Gu baino hobeak izan dira. Lehen 20 minutuak parekatuak izan dira, baina hortik aurrera arrisku gehiagorekin iritsi dira eta asko kostatu zaigu jokoa zabaltzea. Lehen abagunean gola sartu dute, baina gu baino erosoago zeuden eta hori baliarazi dute. Bigarren zatian hobera egin dugu, baina orokorrean, gu baino hobeto aritu dira«.

Valverdek talde zuriaren nagusitasuna onartu du eta partida zapore hobearekin bukatu ezin izana deitoratu du: «Ez da gure partidarik onena izan. Iaz emaitza berarekin galdu genuen, baina sentsazio hobearekin geratu ginen. Ez gara ondo egon, haiek oso ondo egon direla pentsatu nahi dut, baina ezin dugu alde batera utzi hobeto egon gintezkeela eta hobeto amaitu genezakeela neurketa«.

Unai Gomez eta Imanol Garcia de Albeniz lehoikume debutariek eta Iñigo Ruiz de Galarretaren San Mameseko itzulerak utzi dute neurketako datu positiboa: «Partida zaila da debutatu eta berdebutatzeko. Berri onak dira. Azkenean, futbolean ibilbide luzea dago aurretik. Unai Gomezek denboraldiaurre ona egin du eta ekarpen handia egin diezaguke. Imanolek esperientzia gehiago du, lesio garrantzitsu batetik irten da eta kategoriara ondo egokitu behar da. Eta Galarretaren aldetik, etxera itzuli da, ibilbide oparoa du eta berarengan itxaropena dugu».