Barakaldon atxilotu dute emakume bati indarkeria erabiliz, labana batekin mehatxatuz, lapurreta egin zion gizona

0

Ertzainek 19 urteko gazte bat atxilotu dute Barakaldon joan den astelehenean, abuztuaren 28an, indarkeria eta beldurra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Gazteak arma zuri batekin mehatxatu zuen emakumea poltsa lapurtzeko. Ikerketari esker identifikatu eta atxilotu ahal izan dute.

 

Joan den astelehenean, abuztuaren 28an, gaueko hamaikak baino lehentxeago gertatu zen Barakaldoko Gurutzetako auzoan. Bi emakume kalean aparkatuta zegoen auto baten barruan zeudenean, gazte bat hurbildu zitzaien, eta, kopilotuaren aldeko atea zabalduta, labana batekin mehatxatu zuen eserlekuan zegoen emakumea eta poltsa kendu zion barruan zeuden gauza guztiekin. 

 

Ustezko lapurrak korrika alde egin zuen, eta, kalearen amaieran, herritar bat atzetik zuela sentitu zuenean, poltsa lurrera bota zuen, eta halaxe berreskuratu ahal izan zuen biktimak. 

 

Delituaren berri izan ondoren, Sestaoko Ertzain-etxeko agenteek ikerketa hasi zuten indarkeria erabiliz lapurreta egin zuen gaztea identifikatzeko. Egindako frogaketen ondoren, herritarren babeseko patruila batek atzo, asteazkena, arratsaldeko azken orduan, aurkitu eta atxilotu zuen susmagarria Barakaldon bertan.

 

Atxilotua polizia-egoitzan egongo da eginbideak amaitu eta Barakaldoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri arte.