Eusko Jaurlaritzak Finlandiako bioekonomia-estrategia aztertu du Helsinkin eta Joensuun

0
  • Estibaliz Hernaez Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak eta Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak biomaterialen garapenari eta baso-kudeaketari lotutako hainbat bisita eta bilera egin dituzte bi eguneko agenda batean. Era horretan, Eusko Jaurlaritzak indartu egin du Finlandiarekiko lotura European Forest Institute (EFI) izenekoaren bitartez (Euskadik erakunde horren presidenteordetza du gaur egun)
  • Datorren urriaren 4an, berrikuntzari eta bioekonomiari buruzko nazioarteko jardunaldi profesional bat egingo da Bilbon. Bertan, EFIko Zuzendaritza Batzordeak hartuko du parte, eta aurrerapen zientifikoak eta Euskadiko zentro teknologikoek eta enpresek lortutako soluzio berritzaileak ezagutaraziko dira

 

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Estibaliz Hernaezek, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta NEIKER zentro teknologiko publikoko zuzendari eta gaur egun EFIko lehendakariorde Leire Barañanok osatutakoa, Helsinkin izan da, Finlandiak lideratzen duen bioekonomiako ekimen enblematikoa zuzenean ezagutzeko. Finlandia erreferentziazko herrialdea da esparru horretan, bai eskuragarri dauden baliabide naturalengatik, bai arlo horretako I+G+Baren kudeaketagatik.

Euskadik urteak daramatza Finlandiak duen ekosistema eta egitura erreferentzia gisa lantzen, Basque Research Technology Aliance (BRTA) erakundearen zentro teknologikoen bitartez. Helsinkira eta Joensuura egindako bidaiaren helburua erakundeekin, zentro teknologikoekin, enpresekin eta Aaltoko Unibertsitatearekin biltzea izan da, bioekonomiari lotutako jarduketetan lankidetza-ildoak finkatzeko.

Eusko Jaurlaritzak harreman estua du European Forest Institute (EFI) erakundearekin, eta, 2019az geroztik, Europako erakunde horren jarduketa-plan berriak diseinatzen laguntzen du, NEIKER zentro teknologikoaren bidez.

Bilera Europako baso-industriako talde nagusia den Metsa Group-ekin

Azpimarratu beharra dago Metsa Group-eko presidenteorde Rogaciano Cavadas Kaipainenekin egindako bilera. Kooperatiba hori Finlandiako 90.000 baso-jabez osatuta dago, eta erreferentzia da baso-biodibertsitatea sustatzen duen baso-kudeaketa birsortzailean. Talde hori liderra da Europan paper-mamiarekin ehun-zuntza produzitzen, zurarekin material isolatzaileak sortzen eta urki-azalarekin osagai kosmetikoak produzitzen.

Gainera, euskal ordezkaritza Finlandiako Ikerketa Teknikoko Zentroarekin (VTT) bildu da, eta biomasa eta ehun-zuntza prozesatzeko instalazio pilotuak bisitatu ditu.

Jardunaldia Joensuun, European Forest Institute erakundearekin

Joensuun, herrialdearen ipar-ekialderantz 500 kilometrora, lan-saio bat egin da Europako Baso Institutuaren (European Forest Institute) egoitza nagusian, eta Joensuuko Parke Zientifikoa bisitatu da, berrikuntza-ekosistemak eta haien baso-garapeneko zerbitzu nagusiak ezagutzeko.

Bioekonomiako ekitaldia urriaren 4an Euskadin

2023ko urriaren 4an, berrikuntzari eta bioekonomiari buruzko jardunaldi profesional bat egingo da Bilbon, eta Metsä Taldeko Timo Lehesvirta naturan adituak hartuko du parte. Nazioarteko jardunaldi horretan, EFIko Zuzendaritza Batzordeak hartuko du parte, eta Euskadiko bioekonomia-estrategiaren egoera, haren aurrerapen zientifikoak eta Euskadiko zentro teknologikoek eta enpresek sortutako soluzio berritzaileak ezagutaraziko dira.