Lesbosera bidaiaren bigarren eguna: Melgosak greziako agintariei jakinarazi die Europan korridore humanitarioak behar direla migrazio segurua bermatzeko

0
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Mitileneko alkatearekin (Lesbos, Stratis Kytelis) bildu da; ondoren, hainbat bilera egin ditu Kara Tepe II errefuxiatu-kanpamenduko zuzendariarekin eta ACNUReko ordezkariekin
  • Nerea Melgosa Migrazio eta Asiloko zuzendari Xabier Legarretarekin egon da, Zaporeak elkartearen sortzailearekin batera, Peio García Amiano dena, eta Yakub Shabani euskal GGKEko koordinatzailearekin batera

 

Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Xabier Legarreta, Migrazio eta Asiloko zuzendaria, Lesbosko Greziako uhartean daude atzotik, eta Zaporeak GGKEak errefuxiatuei eta II. kanpamenduan dauden asilo-eskatzaileei egiten dien lana bertatik bertara ezagutzeko bidaia egin dute. Eusko Jaurlaritzaren asmoa da Zaporeak elkartearen lana indartzea eta, bide batez, Greziako agintarien aurrean beraien lanaren garrantzia indartzea.

Zaporeak elkartearen sukaldeetara bisita azkar batekin hasi du eguna sailburuak. Bertan, jardunaldia hasten ari ziren boluntarioak eta langileak agurtu ahal izan ditu. Gero Udalera joan da. Udalean, Nerea Melgosa eta Xabier Legarreta Stratis Kytelis Mitileneko alkatearekin elkartu dira.

“Eskerrak eman dizkiogu alkateari Zaporeak bezalako erakundeen eta uhartean lan egiten duten beste hainbaten presentzia bultzatzeagatik, beharrezkoa baita tratua gizatiartzea eta laguntza behar duten pertsona horiei ahalik eta baldintzarik onenak eskaintzea, kasu gehienetan duten dena galdu baitute”, azpimarratu du Melgosa sailburuak.

Sailburuak eta Migrazio eta Asiloko zuzendariak euskal harrera-eredua azaldu diote Greziako agintariari, pertsonen banakako eta hurbileko arretan oinarrituta. Hala, “migratzaileak euskal gizartean integratzeko laguntza ematen dugu”, esan eta erantsi dute: “Elkartasun- eta konpromiso-ekintzetan buru-belarri sartuta dagoen gizartea”.

“Euskal Itun Sozialaren ildo nagusiak biltzen dituen dokumentua eman diogu, eta azpimarratu dugu migratzaileei bizitza-proiektu berri bat eraikitzen lagundu behar zaiela, eskura ditugun tresnekin”, erantsi du Legarretak.

Bestalde, Stratis Kytelisek, Mitileneko alkateak, egungo egoerarekiko kezka adierazi du. “Kara Tepe II.aren errefuxiatu-esparruan 3.200 pertsona baino gehiago daude, eta kopuru horrek gure gaitasunak gainditzen ditu. Gainezka gaude”, azpimarratu du. Halaber, azaldu du 3.000 lagunentzako lekua duen errefuxiatu-eremu berri bat eraikitzen ari direla, eta urte amaieran prest egongo dela.

Alkateak errefuxiatuen gaineko erantzukizunaren “bidezko banaketa” egiteko eskatu dio Europari. “Turkiak 2006ko akordioa bete behar du; horren arabera, Greziako uharteetara modu irregularrean iristen den pertsona oro Turkiara itzuli behar da”, esan du.

Bileran, Melgosa sailburuak Zaporeak elkarteak Lesbosen izan duen presentzia eta garrantzia nabarmendu ditu. “Zaporeak elkartearen lanak kultura- eta hizkuntza-oztopoak gainditzen ditu, eta zaintzeko eta laguntzeko ardura partekatuaren oroigarri gisa balio du. Funtsezkoa da pertsona eta migratzaileek elikagai elikagarriak eta laguntza emozionala jasoko dituztela bermatzeko dedikazioa”.

Melgosak Eusko Jaurlaritzaren Share proposamena ere helarazi du, “mekanismo aitzindaria Europan, solidaritate-betebeharra modu sistematizatuan eta erantzukizunez partekatzeko, Europako balio eta idealen arabera, lurralde bakoitzaren gaitasunak kontuan hartuta”.

Ondoren, Nerea Melgosa eta Xabier Legarreta Kara Tepe II errefuxiatu gunera joan dira. Bertan, Peio Garcia Amiano Zaporeak elkartearen sortzailearekin eta Yakub Shabani Greziako uharteko euskal GGKEaren koordinatzailearekin bildu dira. Kara Tepe kanpamentuko zuzendari nagusiak, Dimitrios Kantemnidisek, harrera egin die eta zentroaren funtzionamendua azaldu die.

Topaketa ACNURekin

Goizean, bi politikariek bisita egiten jarraitu dute kanpamentuan bertan, eta ACNUReko ordezkariekin bildu dira Lesbos uhartean. Danilo Valdiviezok, Babeserako ofizial elkartuak, eta Theodoros Alexellisek, Jaurlaritzarekin harremetan egoteko dagoen laguntzailea, euskal ordezkaritzarekin partekatu dituzte errefuxiatuei ematen zaien kanpamenduari eta arretari buruzko ezagutzak.

 

Euskal ordezkaritzak talibanetatik ihes egin duten emakume afganistandarrekin egoteko aukera izan du. Topaketa horretan, emakume horiek azaldu dute ahultasun bikoitza dutela emakume izateagatik: “Gauez libre mugitzeko edo bakarrik komunera joateko beldurra daukagu”, azpimarratu dute.

Nerea Melgosa sailburua bereziki kezkatuta agertu da emakumeen eta haien seme-alaben egoeraz, eta Lesboseko familia errefuxiatu gehiago batzuekin iritziak trukatu ahal izan ditu.

Eusko Jaurlaritzak eta ACNURek lankidetza estua dute, eta, horren ondorioz, besteak beste, familia errefuxiatuak babesteko programa pilotu bat gidatu dute, Europa osorako eredu izan dena. Babes komunitarioa da, eta, gaur egun, programa bigarren edizioan murgilduta dago, Siriako sei familia Euskadin (Gasteiz, Tolosa, Donostia, Zalla eta Bilbo) hartuta. Horri buruz ere hitz egin da bileran.

Arratsaldean, euskal ordezkaritzak uharteko interesgune batzuk bisitatu ditu, hala nola, kontzertinak dituen hondartza pribatu bat, errefuxiatuak sar ez daitezen; Moriako kanpaleku zaharra, 2020an su hartu zuena, eta Mitileneko portuaren errealitatea bere ontzi militar eta patruilariekin.