Herrería Zaldigainek dekorazio-holtzak fabrikatzen ditu hormak eraiki nahi ez dituzten etxebizitzetarako

0

Herrería Zaldigain enpresa gipuzkoarrak 40 urte inguru daramatza burdinazko, altzairu herdoilgaitzezko, korten txapako eta forja mota guztietako lanak egiten. Une honetan, bere produkturik nabarmenena “etxebizitzetan paretak ez eraikitzeko banaketa moduan jartzen ari den dekorazio-holtza da”, aitortu du David Caballerok, Zaldigain Errementaria enpresako gerenteak. 

Gainera, euskal enpresak edozein egitura mota fabrikatzen du, adibidez: etxebizitzetako balkoietarako altzairu herdoilgaitzezko barandak edo mota guztietako metalezko egiturak (eskailerak, igogailua eraikinetan sartzeko gaztelutxoak, solairuarteak, itxiturak, burdin hesiak…). 

Bezeroaren eskaeretara egokitzen da, lanak eskariaren arabera egiten baititu, eta emaitzarik onena eskainiko duten hobekuntzen bilaketan berritzen du. “Soluzioak eskaintzen saiatzen gara beti, batez ere dekorazio-holtzen esparruan, muntaia-sistemak etengabe optimizatzen ari baikara”.  

Material berriak agertu ostean izandako bilakaera

Familia enpresa 1986an sortu zen eta, bere hastapenetan, interiorismoan espezializatu zen. Baina material berriak agertu ondoren (altzairu herdoilgaitza edo korten altzairua, esaterako), enpresen mantentze-lanetara eta obra zibiletara zabaldu zuen beren jarduera. Gaur egun, industria, eraikuntza eta dekorazio sektoreetan jarduten du. “Partikularrei zein enpresa pribatuei egiten dizkiegu lanak, finken administratzaileak eta administrazio publikoak barne”, esan du konpainiaren ordezkariak. 

Urtean 1,8 milioi euro inguruko fakturazioarekin, bere jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da, batez ere Gipuzkoa. “Nahiz eta alboko probintzietan ere egiten ditugun lanak”, aipatu du Caballerok. 

Euskal enpresak 24 langile ditu gaur egun. “Plantilla handitzeko aukera merkatuak markatuko du. Azken bost urteetan % 100 baino gehiago hazi gara”, azpimarratu du gerenteak. 

Andoaingo konpainiak SPRI taldearen Hazinnova programan parte hartu du. “Esperientzia ona izan da, gure barne-prozesuak optimizatzen lagundu baitigu”, onartu du David Caballerok. 

Gerentearen arabera, Herrería Zaldigainen etorkizuneko helburuak dira “eraikuntzaren sektoreko negozio-bolumenari eustea eta, aldi berean, industriaren sektorean eta, batez ere, dekorazioaren sektorean hazten jarraitzea”. 

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.