500.000 euroko dirulaguntza Euskampus fundazioari, lankidetzarako mugaz gaindiko laborategien sarea garatzeko

0
  • 2015ean ekimena abian jarri zenetik Lankidetzarako Mugaz Gaindiko lau laborategi sortu dira, Euskampus-Bordeaux Campusaren esparruan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 500.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea Euskampus Fundazioari, LTC-Sarea ekimena garatu dezan, hau da, Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategien Sarea.

Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategiak (LTC) bikaintasuneko ikerketa nazioartekotzen duten ekimenak dira, eta berrikuntza sustatzen dute ikerketatik abiatuta. Ekimenaren helburua da emaitza zientifikoen balio erantsia handitzea eta mugaz gaindiko baterako ikerketaren ikusgarritasuna handitzea Europako Batasunean eta nazioartean.

Mugaz gaindiko ikerketa komunitateak

Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategiak 2015az geroztik garatzen dira Euskampus Bordeaux Canpusaren esparruan, Bordeleko Unibertsitatearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean. Euskampusen bazkide estrategikoak (Tecnalia eta DIPC) eta IdEx Bordeaux ere ekimenaren sorreran daude, bai eta laborategiaren helburuak lortzen lagun dezaketen EAEko edo Frantziako beste ikerketa-erakunde batzuk ere.

Erakunde-esparru egonkor bat eskaintzen du ekimen honek, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Bordeleko ikerketa-taldeek elkarrekin lan egin dezaten eta benetan mugaz gaindikoak diren ikerketa-komunitateak sortzen lagun dezaten, ikertzaile junior edo seniorrak eta ikasleak tartean sartuz. Hauek ikerketa-talde batetik bestera mugarik gabe igaro daitezke eta horrela ikuspegi komun bat partekatu.

Ekimenaren sorreratik,  Lankidetzarako Mugaz Gaindiko lau laborategi sortu dira, eta mugarri izan dira mugaz gaindiko eta Euroeskualdeko campusa garatu eta sendotzeko:

  • Kimika fisikoan eskala kuantikoan, QuantumChemPhys, 2017an
  • Ingeniaritzan, AENIGME (Fabrikazio Berdeko eta Ekodiseinuko Akitania Euskadi Sarea), 2018an
  • Matematikan eta bere aplikazioetan, TRANSMATH, 2018an
  • Zementu-oinarri jasangarrietan konposatutako materialetan, GREEN CONCRETE, 2020an

2023an, LTC-Sareak %30 ikertzaile gehiago mobilizatzea lortuko du. LTC bakoitzeko batez beste 20 ikertzaile dituzten taldeei gehituko zaizkie langile berriak. LTC-Sarea lau jarduera-ardatz nagusiren inguruko jarduerak ari da sustatzen, ezarritako helburuak lortzen laguntzeko. Honako hauek dira:

  • Nazioartekotzea: LTC-en eta beste talde batzuen arteko interkonexioen nazioarteko sarea zabaltzea, ENLIGHT testuinguruan eta interes estrategikoa duten nazioarteko beste sare batzuetan.
  • Ikerketa bikaina: lehen mailako doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko profilak sartzea.
  • Ikerketa-talentua: ikerketa-jardueraren eta prestakuntza-jardueraren arteko lotura sustatzea eta indartzea, ikasleen artean zientziarekiko interesa piztea eta ikertzaile bikainak izan daitezkeenak identifikatzea lortuko duten jarduerei ekiteko.
  • Lurraldearekiko lotura: ikerketa-taldeak eta gainerako gizarte-eragileak (industria barne) elkartzeko aukera-guneak sortzea. 2023an, LTC Sareak % 30 ikertzaile gehiago mobilizatzea lortuko du.

Euskampusi, patronatua osatzen duten erakundeetako ikerketa-taldeen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren eragile katalizatzaile, bideratzaile eta dinamizatzaile gisa, LTCak diseinatu eta inplementatzea dagokio. Helburu nagusia izan da egonkortasun-esparru bat ematea taldeen arteko lankidetzei, aldez aurretik behar bezain ibilbide sendoa izanik, talde hauek ikerketa partekatuaren agendaren barruan proiektu estrategiko berriak bultzatzen baitituzte. Euskampusek, LTC bakoitzarekin sinatutako hitzarmenen bidez, laborategi bakoitzak egiteko konpromisoa hartzen duen ikerketa-proiektuek eragindako gastuak eta inbertsioak finantzatuko ditu.

Informazio gehigarria