Gobernu Kontseiluak eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak indartu ditu

0
  • Bikoiztu egin da Lanbideren laguntza programa, gazte langabeen laneratzea sustatzeko
  • Zupiriak adierazi du Espainiako Gobernuaren mende dauden administrazio eta zerbitzu publikoetan euskararen erabilera indartzeko tartea duela gobernu zentralak

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan gaurko bileran jorratutako hainbat gai azaltzeko.

Lehendakariak joan den osteguneko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran aurreratu zuen bezala, Gobernu Kontseiluak, gaur, oniritzia eman dio eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak sustatzeko gastua handitzeari, eta 7,35 milioi euro gehiago izango du partida honek: 400.000 euro Arabarako, 4,2 milioi Bizkairako eta 2,75 milioi Gipuzkoarako. Orain arte birgaitze-lanetarako ohiko laguntzei erantzuteko zeuden 29 milioi euroei batuko zaie 400.000 euro horiek. Laguntzak, besteak beste, eraikinen kontserbazioa eta bizigarritasuna, irisgarritasuna edo energia-efizientzia hobetzeko zaharberritze-lanak egiteko izango dira.

Era berean, Lanbidek gazte langabeei administrazio publikoetan lehen esperientzia profesionala ematen dien programarako aurreikusita zuen hasierako zuzkidura 6,2 milioi handitzea erabaki da. Deialdiak arrakasta handia izan du eta jasotako eskaerei aurre egiteko, ia bikoiztu egin da aurreikusitako partida: orain 13,7 milioi eurokoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eta sektore publiko instituzionaleko, autonomikoko eta tokiko sektore publikoko erakundeek 16 eta 30 urte bitarteko gazte langabeak kontratatzeko partida. “Helburua da pertsona horiek beren lehen lan-esperientziak, gaitasunak eta trebetasun sozial eta profesionalak lortzea, administrazio horiek ematen dituzten zerbitzuen esparruan” azaldu du Zupiriak.

Gobernu Kontseiluak gaurkoan ere 41 milioi euroko zuzkidura baimendu du 2023rako Elkartek izeneko arlo estrategikoetako ikerketa kolaboratiborako laguntza-programa finantzatzeko. Industria-ahalmen handiko ikerketa-proiektuak daude programa honetan. Elkartek laguntza-programa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan kokatuta dago, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetza areagotzea du helburu, Euskadi berrikuntza alorrean aurreratuen dauden Europako eskualdeen artean kokatzeko.

Beste alde batetik, Gobernuak LEADER eremuko landa-udalerrien sustapen, garapen eta dibertsifikazio ekonomikorako laguntzak onartu ditu gaurkoan, Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027 Plan Estrategikoaren baitan kokatuta daudenak. LEADER 2023 programak 5,2 milloiko zuzkidura ekonomikoa du eta Europako Nekazaritza Funtsak kofinantzatzen du. Esku-hartzearen eremu geografikoari dagokionez, 1.273 udal-erakundetan (guztira 261.066 biztanle) ezarriko da.

Eta lehen sektoreari lotuta, 600.000 euro bideratuko dira nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskadiko kanpo-merkatuetan sustatzeko. LEHIATU SUSTAPENA programak Euskadiko kalitatezko produktuen ezagutza eta banaketa sendotzea ditu helburu, nazioarteko esparruan euskal elikaduraren eta gastronomiaren erreferentzialtasuna indartzeko.

Amaitzeko, izendapen baten berri eman du Zupiriak, Javier Diéguez Barriocanal izendatu du Gobernuak Euskal Zibersegurtasun Agentziaren zuzendari Nagusi gisa.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

Informazio gehigarria