Doako kirol-jarduerak Kirolaren Europako Astearen barruan

0

Donostiako Udalaren kirol-instalazioetara askatasunez sartu ahal izango da.

Kirolaren Europako Astea Europa osoan kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko Europako Batzordearen ekimena da. Kanpainaren leloa da #BeActive, eta pertsona guztiak animatzen ditu aste horretan eta urte osoan aktibo egotera.

Kirolaren Europako Astea dela eta, irailaren 25etik 29ra, astelehena, Donostia Kirolak kiroldegietako ateak irekiko dizkie kiroldegiak ezagutu eta erabili nahi dituzten guztiei. Horretarako, interesatuek harrera-postura joan eta doako sarrera eskatu beharko dute. Sarrera hauek Paco Yoldi, Gasca, Velodromo, Egia, Altza, Intxaurrondo, Bentaberri, Etxadi eta Bidebietako kiroldegietan balidatuko dira, gimnasioak eta igerilekuak erabili ahal izateko.

Gainera, irailaren 30ean, larunbatean, udal kiroldegietan doako kirol-jardueren eskaintza egongo da, eta edukiera dela eta, Kirol Txartelean abonatutako pertsonentzat gordeko dira. Guztira, 440 plaza izango dira doan Cross Training, TRX, ziklo indoor, pilates, Total body, latinzumba eta beste hainbat jardueratan.

Doako saio horietarako izen-ematea online egin ahal izango da donostiakirola.eus webgunearen bidez edo aurrez aurre ematen diren kiroldegietan, irailaren 27tik, asteazkena, 9: 00etatik aurrera.