Nahieztako bakardadeari loturiko osasuneko eta ongizateko kostuak

0

ONCE Fundazioaren Nahieztako Bakardadearen Estatuko Behatokiak ikuspegi soziala duen azterlan bat argitaratu du 15 urtetik gorako biztanleen nahieztako bakardadeari loturiko osasun  eta ongizateko kostuen estimazioari buruz.

Azterlanaren helburu nagusia izan da kuantifikatzea zer ondorio negatibo dakartzan bakardadeak hauetarako: gogo-aldarterako, bizitzako beharrak asetzeko, ingurunearekin dugun harremanerako, laguntza-zerbitzu komunitarioak eskuratu ahal izateko edota segurtasunerako; horrek lagunduko baitu bakardadea aztertzen osasun fisiko eta mentalaren arrisku-faktore gisa, eta pertsonen bizi-kalitateari erasaten dion elementu gisa.

Nahieztako bakardadeari buruzko datuak

Berriki egindako ikerketa batzuk adierazten dutenez, bakardadearen prebalentzia ez da adinarekiko lineala, eta agerian uzten dute U ereduari jarraitzen diotela; hots, prebalentzia handiago da heldu gazteen eta heldu zaharrenen artean.

Ustekabean COVID-19aren pandemia iritxi aurretik, nahieztako bakardadeari buruz genituen datuek adierazten zuten Europar Batasuneko herritarren % 12k esaten zuela bakarrik sentitzen zela erdietan, eta zifra hori % 25era igo zen pandemiaren lehenengo hilabeteetan.

Bakardadea edota isoltze soziala osasun-egoerarekin lotzen duten luzetarako eta metaanalisi motako azterketa epidemiologikoek hainbat ebidentzia jarri dituzte mahai gainean, zeinak baieztatzen duten gertaera horiek pertsonen osasun-egoerari erasan egiten diotela, erikortasuna eta heriotza-arriskua areagotzen dutela, eta osasun-baliabide gehiago erabiltzearen kausa ere izan daitezkeela, harreman sozialak dauzkaten edota bakarrik sentitzen ez diren pertsonei buruzko informazioarekin alderatzen baditugu. Datu horiekin baieztatu dezakegu, beraz,  bizimodu sozialki aktiboa edukitzea faktore erabakigarria dela banakoaren ongizaterako, ez maila psikologiko eta emozionalean bakarrik, baizik eta ongizate fisikoaren mailan ere bai.

Bakardadearen eta osasun-egoeraren arteko lotura erakusten duten mekanismoak azaltzeko, ikerlariek bi hipotesi hartu zituzten: batek adierazten du harreman sozialek pertsonari portaera egokitzaile jakin batzuk garatzen laguntzeko baliabideak ematen dizkiola, edota, estres-faktore jakin batzuetarako (gaixotzea adibidez) erantzun neuroendokrionak; eta, bestek adierazten du bizimodu sozialki aktiboa babes-faktore bat dela pertsonen osasunerako, osasunari loturiko zenbait portaera aldatzen dituelako.

Hala ere, nahiz eta azterlan asko egon erakusten dutenak lotura esanguratsua dagoela bakardadearen eta heriotza-arriskua areagotzearen artean (heriotza-kausa guztiak aintzat hartuta), ikerketa gutxik aztertu dute bakardadearen eta heriotza-kausa espezifikoen arteko lotura.

Bakardadearen eta haren ondorioz osasun-zerbitzuetara jotzeko edo haietara atxikitzeko joera areagotzearen arteko loturari dagokionez, hainbat azterlanek erakusten du harreman sozialak izateak asko laguntzen duela pazienteak zaintza hobea jasotzen, osasun-zerbitzuetara atxikitzen, eta ospitaleko egonaldiak murrizten.

Azterturiko ebidentzia zientifikoa ikusita, azterlanak baieztatzen du nahieztako bakardade-egoerak pertsonen osasunari erasaten diola, heriotza goiztiarrerako arriskua areagotzen duela, eta lotura duela osasun-zerbitzuetara maizago joatearekin eta medikamentu gehiago hartzearekin.

Nahieztako bakardadearen kostua

Gaur egun, nahieztako bakardadea jasateak lekarkeen kostu ekonomikoaren ebidentziarik ez izateaz gain, egiaztatu da ez dagoela batere homogeneitaterik azterlan artean. Horrek asko zailtzen du haien artean alderatu ahal izatea, izan ere, besteak beste, azterketa-ikuspegi desberdinak garatzen dituzte, neurri desberdinak erabiltzen dituzte bakardade-egoera identifikatzeko, kostuen-kategoria desberdinak darabiltzate eta egozpen-iturri desberdinak aplikatzen dituzte.

Izan ere, aztertu den ebidentziaren gehiengoak osasun-kostu zuzenak hartzen ditu kontutan, baina azterlan gutxi batzuek bakarrik sartzen dituzte azterketan osasun-kostu zuzenak ez direnak (adibidez, egoitza-kostuak edo gizarte-zerbitzuen ondoriozkoak) eta zeharkako kostuak (adibidez, zainketa informalaren ondoriozkoak, laneko bajak eta produktibitate murrizketak); eta bakar batek soilik kalkulatzen ditu  ukiezinak  diren kostuak.

Azterlanaren metodologia eta analisia

Azterlana egiteko, gaixotasunen kostuak aztertzean erabili ohi den metodologia bera erabiltzea erabaki du ikerketa-taldeak arrisku-faktoreen kostu soziala kalkulatzeko, nahieztako bakardadea zenbatekoa den ebaluatzen duten estimazioekin ?moneta-unitatetan izan nahiz ongizate-mailan izan?. Gainera, egindako analisiak prebalentzia-ikuspegia hartzen du; hala, nahieztako bakardadearen ondorioz sortutako kostuak denboraldi jakin baterako aztertzen dira, arazoa edozein garaitan hasi dela ere.

Hala, kostu-sorta guztiak 2021eko datarekin eguneratu dira ikerketa honetan, nahiz eta kontzeptu batzuk (adibidez, heriotza goiztiarra) aurreko urteetakoak izan. Egindako estimazio guztietarako bottom-up ikuspegia hartu da; beraz, azpibiztanleria baten banakako datuetatik abiatu dira, eta gero estrapolatu egin da, nahieztako bakardadearen kostua zehazteko, hura jasaten duen biztanleria guztirako. Estimazio horiek kostu ukigarriak jasotzen dituzte, merkatuko prezioen sistema bidez balioetsita, hala nola osasun-kostu zuzenak (lehen mailako arretako kontsultak, tratamenduak, etab.) eta Estatuko kontuetan zuzenean islatzen ez diren kostuak ere bai, hala nola patologiekin zerikusia duten produktibitate-murrizketak eta heriotza goiztiarra, ukiezinak diren kostuekin batera ?heriotzaren ondoriozkoak ez izan edo heriotza goiztiarraren ondorio izan?. Beste ikerketa batzuk ez bezala, azterlan horren balioa da osasunari loturiko bizi-kalitatea murriztearekin zerikusia duten kostu ukiezinak ere sartu izana, horrela lortuko baita nahieztako bakardadeari loturiko kostuak ez gutxiestea.

Kostuak kontabilizatzeak, beraz, bi ikuspegi hartzea dakar: batetik, kostu ukigarriak, moneta-unitatetan, eta, bestetik, kostu ukiezinak, bizitza-urtetan, betiere kalitatearekiko doituta (osasunari loturiko bizi-kalitatearen galera eta bizi-itxaropenaren galera kuantifikatzen laguntzen du).

Aztertzeko informazioa jasotzeko, bi galdetegi erabili ziren, hainbat alderdi aztertzen dituztenak: bakardadea, osasun- eta ongizate-egoerak eta osasun-baliabideak (zer maiztasunekin izaten den lehen mailako arretako kontsultan eta espezialistaren kontsultan, larrialdietan, ospitalean eta zenbat medikamentu hartzen den).

Nahieztako bakardadearen neurketa

Nahieztako bakardadea neurtzeko, azterlanean bereizi egiten dira nahieztako bakardadea eta isolatze soziala, eta azpimarratzen du “sozialki isolatuta egotea harreman sozial gutxi izatearekin lotuta dagoen egoera objektibo bat dela”. Aldiz, bakardadea hautemate subjektiboa da, pertsonak sentitzen duen sentimendu negatiboa, bakarrik sentitzen delako eta harreman sozial gutxiago dituelako, edota eduki nahi lituzkeenak baino kalitate txarragokoak dituelako. Azterlanak dioenez, bi kontzeptu horiek ez dira parekagarriak, eta, beraz, ez dute zertan elkarri loturik egon. Ondorioz, nahieztako bakardadea neurtzeko, pertsonaren alderdi subjektiboak hartuko dira aintzat. Horregatik, ikerketa honek bi eskala mota baliatu ditu, zuzena eta zeharkakoa, bakarrik sentitzen direla esaten dutenen bakardade-intentsitatea neurtzeko.

Emaitzak

Azterlanaren emaitzek – mota honetako ikerketetan ohikoak diren hainbat muga eta zailtasun metodologiko dituztela berekin – agerian uzten dute nahieztako bakardadearen kostua – kostu ukigarriez ari garela – Espainiako BPGren % 1,17 izan dela 2021ean. Zifra hori bat dator, % 55ean gutxi gorabehera, produktibitatea galtzearekin, lan-denbora murrizteagatik (enplegu-okupazio txikiagoa eta partzialtasun handiagoa), eta % 43an, kostu zuzenekin, osasun-zerbitzuetara maizago joateagatik eta bakardadeari loturiko gaixotasunetarako botika gehiago hartzeagatik.

Azkenik, kostu ukiezinak, berriz, kalitatera doitutako bizitza-urtetan (AVAC) kuantifikatzen dira, eta ikerketaren emaitzen arabera, 2021. urtean, heriotzaren ondoriozkoa ez den murrizketa bat gertatu da,  AVACen 1,03 milioiren baliokidea dena. Galera hori bat dator Espainiako 15 urtetik gorako biztanleriaren AVACen guztizkoaren % 2,8rekin.

Azterlan honen balioa da nahieztako bakardadearen kostuari buruzko lehen hurbilketa edukitzea, alegia, funtsezko oinarria, erakunde eta kudeaketa publikoaren aldetik erabakiak har daitezen esku-hartzeen eta/edo ebaluazioaren programen inguruan, nahieztako bakardadearen arazoa murrizten laguntzeko.

Honi guztiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero,  Observatorio Estatal de la Soledad No Deseada  behatokiak argitaraturiko  “El coste de la soledad no deseada en España” (2023) izeneko azterlanaren edukira jo dezakezu.