Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu du Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin, euskarazko ekoizpenak sustatzeko

0

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren bitartez, Kultura eta Kirol Ministerioaren Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin (ICAA) sinatutako hitzarmenari. Hitzarmen honen helburua da euskarazko zinema- eta ikus-entzunezko industriaren ekoizpena, banaketa, erakusketa eta hedapena sustatzea eta horrela, ICAAk 648.646,07 euro transferituko dizkio Eusko Jaurlaritzari, 2023an euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena, banaketa, erakusketa eta hedapena sustatzeko Euskadin egin zen inbertsioari dagozkionak.

Horrela, transferitutako funtsak bat egingo du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak joan den apirilaren 18an onartutako ikus-entzunezko produkziorako deialdiarekin, 2.430.000 euroko zuzkidurarekin. Horrela, aipatutako ICAAk transferitutako funtsaren bidez, 3.230.000 eurokoa izango da zuzkidura, eta horietatik 800.000 euro euskarazko ekoizpenera bideratuko dira.

Eusko Jaurlaritza 2019an hasi zen funts hori berreskuratzeko negoziatzen Kultura eta Kirol Ministerioarekin, eta lan-mahai bat sortu zen gainerako autonomia-erkidegoekin, baldintzak negoziatzeko. Zupiria sailburuak eta Iceta ministroak 2021eko irailaren 20an Donostian, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan, egindako bileran ere aztertu zen gaia.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ustez, funts horiek berreskuratuz euskarazko ikus-entzunezko ekoizpena indartuz joango da.