Zientzia Ministerioaren saria Ángel Rubio irakasleari

0

Zientzia Ministerioak Zientzia Fisikoen, Materialen eta Lurraren arloko ‘Blas Cabrera’ Ikerketa Saria eman dio Ángel Rubio UPV/EHUko Materialen Fisikako katedradunari, Nano-Bio Spectroscopy Group ikertaldearen arduraduna eta Hanburgoko Max Planck Institute for the Structure and Dynamics of Matter-eko Teoria saileko zuzendaria. Saria jaso du “bere aparteko ibilbideagatik eta bikaintasun zientifikoagatik, nabarmentzekoak izanik egoera solidoaren fisika konputazionalean egin dituen lanak, aurreikusiz bai materialen propietate berriak nanoeskalan bai, berrikiago, materiaren ez-oreka fase berriak. Rubioren lanaren aurrerapen kontzeptualek eta metodologikoek eraldatu egin dute materialen zientzia konputazionala, eremu berriak zabaldu dituzte ikerketa esperimentalean eta bultzada eman diote propietate berriak dituzten materialen garapenari.”

Rubioren hitzetan, «sari hau da jakin-nahiak duen boterearen eta fisikarekiko pasioaren froga, aurkikuntza harrigarrietarantz nirekin lan egiten duen ikasle eta ikertzaile talde bikain baten ahalegin eskergak bultzatutakoak”.

Ángel Rubio  Alemaniako Leopoldina Zientzia Naturalen Akademiako akademikoa da, Berlin-Brandenburgischen Akademie der Wissenschaften-eko kidea, American Association for the Advancement of Science-eko (AAAS) kidea, National Adademy of Sciencies (NAS) ospetsuko kide atzerritarra, American Physical Society-eko (APS) ikertzailea, European Physical Society-eko (EPS) kidea, Europako Zientzien Akademiako (AE) kidea, zientziari egin dion ekarpen handiagatik, eta Europaea Akademiako kidea. Gainera, ohorezko ikertzailea da Simons Foundations Flatiron Institute-n (New York). 2020an, Europako Zientzien Akademiako kide izendatu zuten. Halaber, ezin konta ahala sari zientifiko jaso ditu: hala nola Espainiako Fisikaren Errege Elkartearen Urrezko Domina, Max Born Domina eta Saria (2018), Alexander von Humboldt Fundazioak ematen duen Friedrich Wilhelm Bessel Saria, eta Oinarrizko Zientziaren arloko Jaime I.a Erregea Saria. Bi aldiz, ERC Advanced Grants dirulaguntzetako bat jaso du, Europako Ikerketa Kontseiluaren eskutik. European Research Council-en dirulaguntza ospetsu horiek soilik ematen zaizkie europar ikerlari garrantzitsuenei eta proiektu abangoardistenei. Gainera, Espainiako Fisikaren Errege Elkarteak erakundearen domina eman zion, 2016an. Bigarren aldia zen erakunde horren aitortza jasotzen. 1991n, Ikertzaile Berrien Saria jaso zuen.