Eusko Jaurlaritzak sailen arteko mahai bat sortu du Ekialde Hurbileko eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoen inguruan

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua Salón de Actos y escudo de Euskadi
  • Gertakarien jarraipena, aurrea hartzea eta balorazioa egiteko esparru bat sortuko da, krisi humanitarioaren aurrean erantzunak bideratzeko eta gerta daitezkeen ondorio sozioekonomikoen aurrean neurriak baloratzeko
  • Eusko Jaurlaritzak gaitzetsi egiten du biztanleria zibilaren aurkako indarkeriako, terrorismoko edo gerrako ekintza oro, Nazio Batuen deialdiekin bat eginez, eta nazioarteko bitartekaritza eta konponbide negoziatuen alde egiten du
  • Sailen arteko mahaiaren lehen bilera urriaren 24an, asteartea, egingo da, 17:00etan, Lehendakaritzan. Bertan, UNRWA Errefuxiatu Palestinarrentzako Nazio Batuen Agentziak egindako larrialdi-deialdirako” 500.000 euroko ekarpena egiteko erabakia hartuko da 

Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak Ekialde Hurbilean eta Ertainean piztutako krisiaren inguruko lehen ekimenen berri eman du gaur Gobernu Kontseiluan. Lehenengo neurria “Ekialde Hurbileko eta Ertaineko gatazkaren ondorio humanitario eta sozioekonomikoen jarraipena egiteko Sailen arteko Mahaia” sortzea izango da. Egoeraren larritasuna eta gatazkaren bilakaerari edo eskualde edo nazioarteko balizko hedapenari buruzko ziurgabetasunak direla eta, Eusko Jaurlaritzak uste du beharrezkoa dela gertaeren jarraipena, aurrea hartzea eta balorazioa egiteko esparru hau aktibatzea.

Mahai honen helburuak bi dira: batetik, krisi humanitarioari aurre egiteko Euskaditik egin daitezkeen ekarpenak baloratzea eta bideratzea, eta, bestetik, gerta daitezkeen barneko ondorio sozioekonomikoei erantzuna ematea.

Erabaki honen abiapuntua da biztanleria zibilaren aurkako indarkeriako, terrorismoko edo gerrako ekintza oro gaitzestea, Nazioarteko Zuzenbidearekin eta Nazio Batuekin lerrokatzea, eta nazioarteko bitartekaritzarako eta konponbide negoziatuetarako deia eta laguntza ematea.

Bere funtzionamenduari dagokionez, Mahai honen koordinazioa eta dinamizazioa, hasiera batean, Lehendakaritzak eramango du (haren idazkaritza nagusien bidez), gertakarien bilakaeraren araberako aldizkako deialdiekin. Osaerari dagokionez, Segurtasun, Gizarte Politika, Hezkuntza, Osasun, Enplegu, Jasangarritasun, Etxebizitza eta Ogasun arloetako eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariordeen arduradunak izango ditu.

Mahaiaren lehen bilera datorren astean izango da, asteartean, urriak 24, 17:00etan, Lehendakaritzan.

Lehendakariak, halaber, Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio bilera horretan hartuko den lehen erabakia dela UNRWA Nazio Batuen Errefuxiatu Palestinarrentzako Agentziak egindako “hasierako larrialdi-deialdiari” erantzutea, gutxienez 100 milioi euro biltzeko, lehen 90 egunetako premia humanitarioei erantzutea helburu hartuta. Deialdi honi jarraituz, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Lehendakaritzak 500.000 euroko baterako ekarpena egingo dute.