Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Etika Klusterra Fundazioak ekitateko arbitrajea sustatuko dute

0
  • Nerea Melgosak eta José Ignacio Besgak hitzarmen bat sinatu dute, epaimahaien lan-karga arintzeko eta Justiziari kalitatea eta herritarrei gogobetetasuna emateko

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta José Ignacio Besga Euskadiko Klusterra Fundazioko presidenteak, gaur goizean, hitzarmen bat sinatu dute; haren bidez, ekitateko arbitrajea zabaltzeko konpromisoa hartu dute.

Nerea Melgosak esan duenaren arabera, “kontua ez da soilik epaimahaien lan-karga arintzea. Hitzarmenaren bidez, herritarrek haien arazoak kudeatzeko biderik egokiena aurkitzeko aukera izango dute; batzuetan, bide judizialetik soilik, eta, beste batzuetan, bitartekaritzaren eta eztabaidak konpontzeko baliabide egokien edo alternatiboen bidez, hala nola ekitateko arbitrajearen bidez. Horrek guztiak kalitatea ekarriko dio Justiziari eta gogobetetasuna herritarrei”.

Bi erakundeek egiten dute eztabaidak konpontzeko sistemak eta baliabideak sustatzearen aldeko apustua, prozesu judizialaren alternatiba edo osagarri gisa.

“Akordioari esker, ekitateko arbitrajea gatazkak konpontzeko prozesu judizialaren alternatiba egokietako bat izan daiteke. Hura 2022-2028rako Euskadiko Justizia Plan Estrategikoan xedatutakoan sartzen da, zeinak eztabaidak konpontzeko baliabide egokiak eta justizia errestauratiboa sustatzen baititu”, esan du Nerea Melgosak.

Euskadiko Etika Klusterra Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta haren misioa da gizartean balio etikoak ezagut eta aplika daitezen laguntzea. Fundazioaren xedeetako bat da gizartean arazoak konpontzeko laguntza ematea. Arbitraje bidezko erakunde den aldetik, arbitraje bidezko eginkizunak betetzen ditu helarazten dizkioten eztabaidak ekitatean oinarrituta ebazteko.

Arbitraje mekanismoan aurrez aurre dauden aldeek ebazpena hirugarren neutral baten esku jartzen dute modu boluntarioan, eta hura arbitroa edo arbitraje-elkargoa izan daiteke. Arbitrajea zuzenbidekoa edo ekitatekoa izan daiteke. Arbitrajea ekitatekoa denean, arbitroak zinez erabakitzen du, bidezkoa eta ekitatiboa denaren inguruan duen jakintza eta uste zintzoaren arabera eta ez legearen hitzez-hitzezkotasunak mugatuta.

Portaera etikoak

José Ignacio Besga Zuazola Fundazioko presidenteak esan du haren erakundeak “gizartearen eremu guztietan portaera etikoak” sustatzen dituela. Etika-agindua onartzeak dakar, errealitatea kontuan hartzeaz gainera, izan behar duen bezalakoa izan dadin arduratzea ere”, eta, hori dela eta, ekitateko arbitrajea kudeatzeko konpromisoa hartzen dute.

Horretarako, arbitraje-elkargo bat dute, eta hura balio etiko handiak dituzten eta dagozkien eremuetan prestigio profesional handia duten pertsonek eratzen dute; pertsona horiek beste pertsona edo erakunde batzuei haien gatazkak konpontzen laguntzeko konpromisoa hartzen dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Etika Klusterrak sinatu duten hitzarmenaren bidez, ekitatearen balioa eta ekitateko arbitrajea sustatuko dituzten jardunaldi edo biltzarrak antolatzeko elkarlaneko formulak aztertuko dituzte. Era berean, bi aldeek hartu dute konpromisoa “Euskadiko Etika Klusterrean ekitateko arbitraje-zerbitzu altruista eta doakoa dagoela zabaltzeko”.