Ihobek eta eLankidetza agentziak kooperazio-ekintzak sustatuko dituzte ingurumenaren eta jasangarritasunaren esparruetan garapena lortzeko

0

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (eLankidetza) eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak (Ihobe) batera jarduteko protokolo bat izenpetu dute elkarrekin lankidetza-ekintzak sustatzeko ingurumenaren esparruetan garapena lortzeko, eta azpimarra jarri dute ekintza klimatikoan eta jasangarritasunean.

Protokoloaren xedea zera da: eLankidetza agentziaren eta Ihoberen arteko kolaborazioaren markoa definitzea, bai eta interes komuneko arloak ere, lankidetzaren eta ingurumenaren esparruetan, eta horietako bakoitzerako jarduketa-ildo posibleak identifikatzea ildo horietatik ekimenak, ekintzak, proiektuak eta baterako lankidetza teknikoko programak egin ahal izateko, hegoaldeko herrialdeen populazioen premia teknikoei eta estrategikoei erantzuteko.

Zehazki, pertsona guztiek ingurumen osasuntsu eta seguru bat izateko duten eskubide unibertsala bermatzearen inguruko jarduketak izango dira nagusi, eta, bereziki, klima-aldaketaren, biodibertsitatea kontserbatzearen eta ekosistemak zaintzearen esparruetakoak; horrez gain, jarduketak egingo dira bermatzeko politikak eta jarduketak koherenteak direla garapenerako lankidetzarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin.

Halaber, akordioaren bidez Ihobek ingurumen-plangintzako eta klima-aldaketa murrizteko eta horretara egokitzeko politiken erakunde sustatzaile gisa duen kontrola indartu nahi da, eta giza eskubideen ikuspegia sartu, tokikoa eta globala, eta desparekotasunen aurka borrokatzekoa, nola Euskadin hala hegoaldeko herrialdeetan.

Ihobek eta eLankidetza agentziak uste dute ingurumenaren jasangarritasuna berebiziko elementua dela pertsona guztiei eta planetari bizitza osasuntsurako eta bidezko bizitzarako eskubideak bermatzeko, bai eta tresna bat ere bidezko gizarte baterantz aurrera egiteko eta pobrezia eta desparekotasunak murrizteko. Hori horrela, erakunde biek aitortu dute zeinen garrantzitsua den jasangarritasun soziala eta ingurumenekoa politika publikoetan integratzea, bai eta ekintza zehatzak sustatzea ere giza garapen jasangarria sustatzeko, 2030 Agendarekin eta Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat.

Akordioak lau urteko iraupena izango du, eta beste lau urte ere luzatu ahal izango da.