Eusko Jaurlaritzak ohartarazten du arriskutsua dela Behobia-Donostia gauez oinez egitea lasterketaren bezperan

0
  • Kirol-probarekin zerikusirik ez duen jarduera horrek ez du ez baimenik ez segurtasun-dispositiborik
  • Ertzaintzak goizaldean eremua zainduko du, jarduera arriskutsua baita

Eusko Jaurlaritzak Behobia-Donostia lasterketaren ibilbidea lasterketa hasi aurreko orduetan, gauez eta inolako segurtasun-dispositiborik gabe, egiteko oinezko batzuek azken urteotan hartu duten ohitura arriskutsuaz ohartarazten du.

Pertsona batzuek edo pertsona talde batzuek inolako antolaketarik gabe, baita goizaldean ere, GI-636 errepideko bazterbidetik, eta zirkulazioa irekita dagoenean eta inolako bide-segurtasunik gabe, egiten duten jarduera da.

Ertzaintzak gogorarazten du Behobia oinez egitea ez dela jarduera antolatu bat, eta ez duela ez baimenik ez inolako segurtasun-dispositiborik, kirol-probarekin inolako zerikusirik ez duen jarduera baita. Aurreko urteetan, trafikoko eta herritarren babeseko unitateek ohartarazi diete pertsona horiei egiten ari zirena oso arriskutsua zela. Hori dela eta, arren eskatzen da ez egiteko oinez GI-636 errepideko, Gaintxurizketa gaineko eta Lezoko ibilbidea, istripu larriak saihestearren, zirkulazioa irekita egoten baita.

GARRANTZIZKO OHARRA:

Larunbatetik iganderako goizaldean, Ertzaintzako baliabideek eremua zainduko dute, oinezkoak bertatik igarotzea arriskutsua baita.

Eusko Jaurlaritzatik gogorarazten dute, beharrezkoa izango balitz, bazterbidetik oinez joateko nahitaezkoa dela ikusgaitasun handiko elementuak (txalekoak eta elementu islatzaileak) eramatea, zirkulazio-erreitik ahalik eta gehien aldentzea eta ibilgailuen kontrako noranzkotik joatea, horiek urrutira ikusi ahal izateko.