Picasso eskultorea da Gurutzetako Ospitaleko Ikasgelaren «Sortuz sendatu» programa inspirazio-iturria

0

Aste honetan jarri da abian Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Ikasgelan Guggenheim museoak, BBKren laguntzaz, sustatzen duen «Sortuz sendatu» programa. Aurten, Bilboko museoan Picasso eskultorea aurkezten duen «Materia eta gorputza» erakusketan inspiratzen da gaia.   Guggenheim museoak aurkezten duen proposamena «Materia eta gorputza» da, eta arau guztiak hausteko prest zegoen artista autodidakta baten askatasunez sortu diren eskultura-piezak ditu ardatz. Picassok bere eskultura-proposamen bakoitza lantzeko zuen askatasuna izango dute inspirazio-iturri ospitaleratuta dauden haurrek.

Abiapuntu hartuta ospakizuna edo festa gogoratzeko moduko zerbait dela, haurrei eskatuko zaie pentsa dezatela Eguberriak, urte amaiera edo urte berriaren hasiera ospatzeko ideiarekin lotuta dauden gauza guztietan. Zer ospatu ohi dute? Uste dute berdin ospatzen dela bizitzan zehar? Ezagutzen dute beste kultura batzuetako bestelako ospakizunik? Zer emozio sorrarazten dizkiete Eguberriek? Eta urte-aldaketak?

Ospakizun batean pentsatzean (direla Eguberriak, dela urte-aldaketa) sortzen zaizkien sentimenduen edo sentipenen zerrenda bat egin ondoren, ospakizunaren kontzeptua zentzumenekin lotu beharko dute. Zer kolorek eragiten diete ongizatea? Zer zaporek, usainek eta musikak eragiten diete animatuago egotea?

Ospakizunarekin lotutako sentimenduak ezin dira ez ukitu, ez ikusi. Esate baterako, senide baten musuaren maitasuna eta opari bat irekitzearen zirrara. Askotan, zaila egiten zaigu emozio bat hitzetan jartzea. Baina hitzak ez dira sentimenduak hitzetan jartzeko modu bakarrak: gorputzak, mugimenduek eta jarrerek asko esaten dute. Gorputz-adierazpenak sentipenak jakinarazteko aukerak aberasten eta areagotzen ditu. Gorputza, mugimendua, eta abar erabil ditzakegu zerbait esateko.

Nola irudikatuko litzateke eskultura edo marrazki batean? Giza irudien zirriborroak egingo dituzte arkatzez, eta apuntatu dituzten sentimendu edo sentipen horietako batzuekin lotutako jarreretan edo aurpegi-keinuekin marraztuko dituzte. Gero, zirriborro horietako bat, bi edo batzuk aukeratuko dituzte, eskulturan egiteko.

Ondoren, lanari ekiteko unea iritsiko zaie. Zenbait elementu aukeratuko dituzte, horien esanahia kontuan hartuta, eta beren eskulturetan erabiliko dituzte, eta makilak, alanbreak, hodiak, malgukiak, torlojuak, eta abar erabiliko dituzte, bai eta buztina ere, gorputz-atalak egiteko.