Zuzenbide zibilak edo foralak euskal autogobernuaren sustrai gisa duen garrantzia azpimarratu du Garamendik

0
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak ‘Zuzenbide pribatua. Zuzenbide Zibila eta lurralde parlamentuen legegintza eskumenak’ jardunaldia ireki du

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Zuzenbide Pribatuari buruzko jardunaldia ireki du gaur Eusko Legebiltzarrean, eta zuzenbide zibilak edo foralak euskal autogobernuaren sustrai gisa duen garrantzia nabarmendu du. ‘Zuzenbide Pribatuko II. Jardunaldiaren barruan. Zuzenbide Zibila eta lurralde parlamentuen legegintza eskumenak’ lelopean, Olatz Garamendik azpimarratu du benetan egokia dela honelako jardunaldiak Eusko Legebiltzarrean egitea, gure autogobernuaren erakunde nagusia den aldetik, gure zuzenbide propioaren garapenari buruz hausnartu eta eztabaidatu ahal izateko.

Eskumenen ikuspegitik, arau autonomikoek zuzenbide zibil edo foralaren tradizioarekin duten loturari buruzko eztabaida beti konplexua izan dela onartu ondoren, sailburuak lanean eta ekarpenak egiten jarraitzeko deia egin die bertaratutako parlamentari eta legelariei, beti ere lotura hori hobetze aldera.

Bere agerraldian Garamendik Zuzenbide zibila Zuzenbide administratiboaren jatorrian dagoela adierazi du, eta gaineratu duenez, «Zuzenbide administratiboaren berezko kontzeptu eta tresna guztiek hasieran Zuzenbide Zibiletik edan zuten, dogmatika askoz garatuagoa baitzuen».