Biobizkaiak herritarrentzat zabalik dagoen topaketa antolatu du teknologiari eta adineko pertsonei buruz, osasunaren ikuspegitik

0

Biobizkaia Osakidetzako Osasun Ikerketako Institutuak herritarrei zuzendutako dibulgazio-jardunaldia antolatu du teknologia berriei eta adineko pertsonei buruz, osasunaren ikuspegitik.

 

Datorren ostiralean, hilaren 15ean, 17:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den topaketa horren bidez, konfiantza sortu nahi da adineko pertsonen kolektiboan, osasunaren arloan teknologiak erabiltzeari dagokionez, bai zibersegurtasunaren ikuspegitik, bai erabilgarritasunaren ikuspegitik.

 

Teknologia digitalak adineko pertsonentzat erabilgarri izatea da gizartearen erronka handienetako bat. Gero eta gehiago dira teknologia berriak ezagutzen eta haiekin elkarreraginean diharduten adineko pertsonak, baina oraindik ere bide luzea dago egiteko eta erronka handiak gainditu behar dira. Adineko pertsonak, berez digitalak ez direnez gero —belaunaldi berriak ez bezala—, arlo digitalean baztertuta geratzeko aukera handiagoa dute, eta, ondorioz, oztopo digitalei aurre egin behar diete, hala nola ondasunak eta zerbitzuak online kudeatzeari.

 

ARBEL-ZIRIA ERABILTZETIK TABLETERA

 

Bidaia denboran zehar, arbel-ziritik tabletera. Teknologiak bizitza eman al dezake nire urteekin? izenburua duen jardunaldian, osasunari aplikatutako teknologiaren bilakaera berrikusiko da, eta teknologia horien egungo egoeraren argazkia egingo da. Bertaratutakoei azalduko zaie zer onura ekar ditzaketen, baita adineko pertsonentzat ere.

 

Javier Sirvent moderatzailearen eskutik, Europako GATEKEEPER ikerketa-proiektuaren emaitzak ere aztertuko dira. Proiektu horrek teknologia berriek eta digitalizazioak adineko pertsonen osasunean duten eragina jasotzen du. Gainera, proiektuan parte hartu duen paziente batek osasunaren arloan teknologia erabiltzearekin izan duen esperientziaren berri emango du.

 

Solasaldiak luxu handiko gonbidatuak izango ditu. Parte hartuko dute: Jose Angel Iribar Athletic Clubeko atezain mitiko eta legendak; Ana Urrutia kazetariak; Jesus Orbe Bizkaiko Adineko Pertsonen Kontseiluko kide eta familia-medikuak; eta Osakidetzaren Santa Marina Ospitaleko Pilar Sorando geriatrak eta Sendoa Ballesteros erizain eta ikertzaileak —ospitale hori erreferentea da gaixotasun kronikoak dituzten adineko pertsonen laguntzaren arloan—.Besteak beste, adineko pertsonen ekarpenak aintzat hartzeko beharra aztertuko da, ezinbestekoak baitira adinekoek behar dituzten teknologiak garatzeko eta teknologia horiek haien eguneroko martxan ezartzea helburu duten estrategiak bilatzeko.

 

Jardunaldirako sarrera librea izango da, baina edukiera mugatua duenez gero, plaza erreserbatu beharko da Bizkaiko Osasun Ikerketa Institutuko (Biobizkaia) 644669428 edo 644197697 telefono-zenbakietan.