Eusko Jaurlaritzak 9,2 milioi euro jarriko ditu euskal autonomia erkidegoko garraio publikoko operadoreei 2023ko bigarren seihilekoko deskontuak finantzatzen laguntzeko

0

Gobernu Kontseiluak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio publikoko operadoreei dirulaguntza zuzenak ematea erabaki du, 2022ko irailetik indarrean dagoen bidaietan % 50eko deskontuak aplikatzeak dakartzan kostuak finantzatzen laguntzeko. 2023ko bigarren seihilekoari dagokion laguntza 9,2 milioi eurokoa da.

Garraio publikoko bidaietako % 50eko hobariei aurre egiteko finantza-laguntzaren egitura honela banatzen da: Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak operadoreei % 30eko laguntza ematen die; Euskadiko Garraio Agintaritzak lortutako akordioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak % 10eko laguntza ematen die, eta operadore bakoitza menpean duen administrazioek gainerako % 10a. Eusko Jaurlaritzaren % 10ari dagozkion 9,2 milioi euroetatik, 2,13 udalentzat dira, 3,74 aldundientzat eta 3,25 Bizkaiko Garraio Partzuergoarentzat (Bilboko Metroa).

Zehazki, Araban, Foru Aldundiak 327.928 euro jasoko ditu, eta Gasteizko Udalak 355.534 euro. Bizkaian, Aldundiak 1,68 milioi euro jasoko ditu, Barakaldoko Udalak 21.389 euro, Erandioko Udalak 2.911 euro, Bilboko Udalak 611.382 euro eta Leioako Udalak 3.280 euro. Bizkaiko Garraio Partzuergoak aipatutako 3,25 milioi euro jasoko ditu, Metroari dagozkionak. Gipuzkoan, Aldundiak 1,73 milioi euro jasoko ditu. Lurralde historiko horretako udalen artean, 1.528 euro jasoko ditu Eibarko Udalak, 20.155 euro Errenteriako Udalak, 753 euro Hernaniko Udalak, 58.006 euro Irungoak, 880 euro Lasarte-Oriakoak, 5.160 euro Arrasatekoak, 849 euro Oiartzungoak, 859 euro Oñatikoak, 1,04 milioi euro Donostiakoak, 7.506 euro Tolosakoak eta 4.215 euro Zarauzkoak.

Laguntzako zenbateko horiek 2023ko lehen seihilekoko 9,08 milioi euroei eta 2022ko azken lauhilekoko 6,06 milioi euroei gehitu behar zaizkie.