Jaurlaritzak Euskadiko klusterrak babesteko laguntzak aurreratu ditu eta otsailean egungo kluster taldera finantza eta inbertsio kluster berria batzea aurreikusten du

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

EUSKADIKO KLUSTERRAK BABESTEKO LAGUNTZAK

Tapia sailburuak jakinarazi du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2024ko ekitaldian Euskadiko klusterren antolakunde dinamizatzaileak babesteko emango diren laguntzak aurkeztu dituela gaur, aurretiaz. 3.868.000 euro onartu dira, eta joan den astean aurkeztu zen —eta oraingoan 16 euskal klusterren lana bultzatuko duen— ETEentzako Laguntza Planari gehituko zaizkio.“Aurreko astean azpimarratu bezala, Jaurlaritzaren helburua da ekonomia eta enplegua suspertzeko diru laguntzak ahalik eta modu azkarrenean kaleratzea. Nazioarte mailan bizi den ziurgabetasun egoerari zailtasun gehiago jarri beharrean, asmoa da urte hasieratik laguntzen kudeaketarekin hastea” azpimarratu du Tapiak.  Sailburuak gaineratu du egungo kluster taldera laster finantza eta inbertsio klusterra batzea aurreikusten dutela.

Euskadiko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako laguntza horiek, beraz,  euskal enpresen lehiakortasuna lankidetzaren bidez handitzeko helburu estrategikoaren barruan sartzen dira. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak klusterrentzako laguntzen aurrerapena gaineratu dio ETEentzako Laguntza Planari, euskal enpresen lehiakortasuna lankidetzaren bidez sustatzeko eta handitzeko, eta euskal industriak tentsio handiko ingurune konplexu honetan dituen erronkei erantzuteko.

EUSKAL INDUSTRIAREN ATLASA

Tapiak azaldu duenez, atlasak modu ordenatuan eta dokumentatuan laburbiltzen ditu Euskadin industriaren garapenaren alde hartutako erabaki estrategiko guztiak. 80ko hamarkadako industria-birmoldaketatik hasita, industria aurreratuaren egungo estrategiara artekoa, berregituraketa-ekimenak, politika teknologikoaren lehen urratsak, energia-politikak, industrialdeen sorrera eta garapena, parke teknologikoak, nazioartekotze estrategiak, berrikuntzaren sustapena, kalitate-alderdien txertaketa… barne hartuta. Hau da, unean uneko beharrizan bakoitzari erantzuteko sortutako programa guztiak jasotzen dira atlasean.

Hortaz, atlasak Euskadiko Industria Politikaren 9 ekintza arloak labur biltzen dira eta bestalde, industriaren historiaren bilakaera ezagutzeko mapa kronologikoa ere jasotzen da. “Nazioarteko beste eskualde batzuetan erreferentziarik gabe diseinatutako «atlasa» da. Artxibo «historikoa» da, baina ez da estatikoa, nondik gatozen eta zer puntutan gauden jakiteko balio diguna, eta horrek balio du hobeto markatzeko norantz egin nahi dugun aurrera. Munduarentzako erakusleiho bat da, Euskadi Industrialaren posizionamenduan indartzen gaituena. Pertsona akademikoentzako eta ikertzaileentzako ezagutza- eta dibulgazio-sortzailea da, eta beste ekonomia eta herrialdeentzako inspirazio-iturri ere bada” azpimarratu du Tapiak.

Kontsultatu atlasa: Atlasa hemen eskura daiteke: https://politicaindustrialvasca.spri.eus/ webgunean.

GOBERNU KONTSEILUAK ONARTUTAKO BESTE HAINBAT GAI

Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratu eta onartutako beste hainbat gai.

Lehenik eta behin Zupiriak adierazi du gaur argitaratu dela aldizkari ofizialean Emantzipa dekretuari buruzko argitalpena eta hortaz, aurreikusi modura, otsailaren 20an zabalduko dela eskariak egiteko epea. Gogorarazi du programa honen helburua dela gazteen emantzipazioa erraztea, hilero 300 bitarteko laguntzak emanez, 25-29 urte bitarteko gazteei. 2024 urteko aurrekontuetan 53 milioi euroko partida jaso da laguntza horiek bideratzeko.

Bestalde, bozeramaileak adierazi du, datozen hilabeteetan, Segurtasun Sailak 11 milioi euroko aurrekontu-partidak kudeatuko dituela, 2024ko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak egin ahal izateko. “Zenbateko horren barruan sartzen dira informatika-gastuak, telekomunikazioak, kabinak, boto-txartelak, hautestontziak, eskuliburuak, posta-zerbitzuak, hauteskundeetako komunikazio instituzionaleko kanpainak, alderdi politikoen finantzaketa hautestontzietan lortutako ordezkagarritasunaren arabera, etab” azaldu du Zupiriak.

Testuinguru horretan, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur jakinarazi dio Gobernu Kontseiluari Sail horretako zenbait kargu publikoren barne-berregituraketa egitera doala, Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak kudeatzeko. Egungo Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Miren Goitiak egungo kargua utziko du, eta aholkularitza bat hartuko du hurrengo hauteskunde autonomikoetako operatiboa indartzeko. Haren lanpostua (Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza) Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako egungo zuzendari Ricardo Ituartek beteko du datorren ostiraletik aurrera, eta haren hutsunea Joseba Zorrillak beteko du, gaur egun segurtasun publikorako prestakuntza-politiken aholkularia denak.

Amaitzeko, Zupiriak Eusko Jaurlaritzaren izenean guztiz salatu eta gaitzetsi ditu anbulantzien aurkako erasoak. “Sinestezina da mota honetako jokabideak gertatzea, are eta gehiago pertsonen segurtasuna eta osasuna dagoenen jokoan, horrelako gertaerek gure gizartean ez dute tokirik” esan du.