Garraio Saila Altza, Pasaia eta Galtzaraborda lotuko dituen trenbidearen lanen erdira iritsi da

0

Udalerriko erdiguneko plazaren behin-behineko oinarrizko urbanizazioa egingo da, herritarrek uda honetan berriro gozatu ahal izan dezaten

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa, Altza eta Galtzaraborda artean egiten ari den lurpeko saihesbidearen erdira iritsi da. Horrela, Donostiako Altza auzoko geltokiak zaku-hondoa izateari utziko dio eta topoaren lineako igarobide bihurtzea lortuko da, Pasaiako herriarekin lotuta geratuz.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak ETSk egindako lanen aurrerapena egiaztatu ahal izan du gaur goizean, Teo Alberro herriko alkatea eta udalbatzako beste kide batzuk gonbidaturik izan diren bisitan. Eusko Jaurlaritzako Garraio Ordezkaritzan Pedro Marco Azpiegitura eta Garraio sailburuordea eta Ernesto Martínez de Cabredo ETSko zuzendari nagusia ere izan dira. Bertaratutakoek, osorik eraso-galeriaren (Sasuategi) eta Pasaiako etorkizuneko geltokiaren artean egin den trenbideko tunelera jaisteko aukera izan dute. Gaur egun, aipatutako galeriaren eta Altzako terminalaren arteko tartea zulatzen ari dira, eta bertara iristeko 200 metro inguru falta dira.

Aurretik, segizioa plazara joan da. Bertan ia amaituta daude Pasaiako geltokiko pantailak (hormak). Egunotan hasi dira Pasaiako geltokia izango denaren goiko lauza (estalkia) egiteko lanak. Lauza egin ondoren, haren azpian, hau da, lurpean, terminalaren beraren hondeaketari ekingo zaio, hiri-bilbearen gaineko eragina murrizteko. “Prozedura horrek Hamarretxeta eta Eskalantegi arteko Zumardiko tartea udarako herritarrei itzultzeko aukera emango digu, oinarrizko urbanizazioarekin”, aurreratu du Iñaki Arriolak.

Ondoren, taldea, inguruan eragindako zerbitzuak amaitu eta desbideratu ondoren ohiko bidea berreskuratu duen Molinaoko errekastora joan da.

Galtzarabordako eremuari dagokionez, ainguraketa-lerro bakarra geratzen da, eta ahokadura prest dago. Gaur egun, tunelaren instalazioak, araztegia, dekantagailuak, marruskadura-makina iristeko sarbideak… egiten ari dira. Aurreikuspenen arabera, puntu horretako hondeaketa bi hilabete barru hasiko da eta urtebete inguru luzatuko da, puntu hori Pasaiako geltokiarekin lotu aurretik.

Altza eta Galtzaraborda arteko bi kilometroko tartea eraikita, osaturik geratuko da 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzara eraman zuen trenbide bikoitzeko saihesbidea. Martxan jartzearekin batera, Topoak 7,5 minutuko maiztasunak eskaini ahal izango dizkie Pasaiako eta Galtzarabordako erabiltzaileei.

Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian egongo da. Sarbidea Eskalantegi kalean egongo da, eta igogailua plazan bertan, elizaren ondoan. Larrialdiko irteera Hamarretxea kalearen inguruan egongo da. Alboko nasak izango ditu, baina eskailerak atari bakarrera iritsiko dira, eta bertatik irtengo da kalera. Bi nasak igogailu baten bidez ere egongo dira konektatuta atariarekin.

Topoaren Altza Galtzaraborda tartekoa ez da Arriolak zuzentzen duen sailak Pasaian egingo duen obra bakarra. Joan den urtearen amaieran, ETSk Pasaiako portura metro bateko zabalerako trenbidean sartzeko lanak lizitatu zituen. Proiektu horren helburua Gipuzkoan itsas moduaren eta metro bateko zabalerako trenbidearen arteko interkonexioa berreskuratzea da. Ekimen horri esker, merkantzia batzuk trenbidera desbideratu ahal izango dira, eta, horrela, kamioien errepideko zirkulazioa murriztu.

Pasaiako portua merkantzien garraiorako euskal trenbide-sarearen beste nodo logistiko bat bihurtzearen onuradun nagusietakoa Pasaia Antxo herria izango da. “Topoaren lanak amaitu eta Pasaiako lurpeko geltoki berria martxan jarri ondoren, eraikin batzuetatik metro gutxira udalerriaren erdialdea bidezubian gurutzatzen duen egungo terminala eraitsi ahal izango da. Konpromiso hori hartu genuen proiektu honen egikaritzea iragarri genuenean, eta zumeak jarri ditugu epe ertainean pasaitarren bizi-kalitatea hobetuko duen errealitatea izan dadin”, azpimarratu du Arriola sailburuak.

Teo Alberro, Pasaiako alkatearen hitzetan “gaurko bisita bereziki garrantzizkoa da Pasaiako Udalarentzat, obra honek eragin nabarmena baitu antxotarren eta pasaitarron egunerokoan. Lanak aurreikusitako epean gauzatzea funtsezkoa da bizilagunek merezi duten etorkizuneko herria diseinatzeko aurrera urratsak egiteko».