Hezkuntza Saila eta Serunion enpresaren arteko akordioa jantoki-zerbitzuko kontratuak deuseztatzeko

0

Otsailaren 5etik aurrera, sektoreko enpresek beteko dute Serunion SA-k ikasturte honetan ematen zuen jantoki-zerbitzua.

Hezkuntza Sailak eta Serunion SA enpresak erabaki dute bertan behera uztea enpresa honek Euskadiko hainbat tokitan jantoki-zerbitzua emateko sinatuak zituen kontratuak.

Bi aldeen arteko desegite-akordioa, ikasturte honetan ikastetxe jakin batzuetako jantokietan izandako arazoen ondoren etorri da. Gertakari horien aurrean, Hezkuntza Sailak irekiak ditu hainbat espediente, eta gertakari horiek gizartean izan duten eragina ere kontuan hartuta, enpresak uko egin die ikastetxe publikoetan jantoki-zerbitzua emateko egindako azken lizitazioan lortu zituen kontratuei.

Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek Serunionen eskaera aztertu ondoren, Hezkuntza Sailak kontratuak desegitea ebatzi du, alde biek elkarrekin adostuta. Otsailaren 5etik aurrera, sektoreko enpresek beren gain hartuko dute Serunion SA-k orain arte kudeatzen zituen lau loteetan zerbitzua ematea. Era honetan ziurtatuko da ikasle guztiek jantoki-zerbitzua bermatuta izango dutela.