Euskadi Lagunkoiak Adiskidetasuneko Jardunbide Egokien Saria eman dio Lekitto Bedarra Ortularien Taldearen ‘Lagunak egiten ortuak’ proiektuari

0

Marian Olabarrieta, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariak Euskadi Lagunkoiaren Adiskidetasuneko Jardunbide Egokien Saria eman dio gaur Lekitto Bedarra Ortularien Taldearen ‘Lagunak egiten ortuak’ proiektuari.

 ‘Lagunak egiten ortuak’ proiektuaren helburua da espazio bat sortzea jendeak bat egin dezan eta gustura senti dadin, bakardadea jasaten duenak beste pertsona batzuekin topo egin dezan eta guztiek bizitza hobetu dezaten parte-hartzea sustatuta.

Epaimahaiaren erabakia honetan oinarritu da: aurkeztutako guztietatik, jardunbide horrek erantzun dio ondoen Euskadi Lagunkoia Sustraietatik ekimenaren azken helburuari. Helburu hori da adinekoen eta, oro har, herritarren parte-hartzea sustatzea, Euskadiko udalerrietan auzoak eta inguruneak hobetzeko, zahartu ahala pertsona guztiek beren bizitza egiten jarrai dezaten.

 “Lagunak egiten ortuak”, epaimahaiak azpimarratu duenez, “proiektu komunitario xume bat da, adiskidetasuna sustatzen duena, eta, besteak beste, honako alderdi hauek bultzatzen ditu: herritar guztien parte-hartzea, biztanleria-profil desberdinak kontuan hartuta; nahi ez den bakardadearen aurkako ekimenak sustatzea; belaunaldi desberdinen arteko harremanak eta elkarrizketak ezartzea; Auzolan espiritua bultzatzea; eta elkartasuna sustatzea, garaian garaiko barazkiak landatuta eta hilero prestatuta”.

Hain zuzen ere, azken urtean 350 kilo barazki inguru ekoitzi dituzte, eta Elikagaien Bankura, Caritasera eta udalerriko Dominiketara bideratu dituzte, herriko laurogeita hamar familia kaltebera inguru barazki fresko eta askotarikoez hornitzeko.

Julian Arrate, gainera, 2023ko erronkari lotutako legatuaren inguruko bideoaren protagonista da. Euskadi Lagunkoiaren legatuaren ekimenak bildu egiten ditu ia ahaztuta dauden lanbideekin eta, orain, parte hartzearekin euskal gizarteari bere aletxoa ekarri dioten pertsonen testigantzak.