Eusko Jaurlaritzak familiei zuzendutako laguntza-gida batzuk jarri ditu abian, helduek adingabeei Interneten erabilera egokiari buruzko orientazioa eman diezaieten

0
  • Sei liburuki dira, haur eta nerabeen garapen-etapen arabera antolatuak
  • Bilduma www.euskadi.eus/familia web-orriaren bidez deskargatu daiteke, non banner bat gaitu den

Eusko Jaurlaritzako Familia eta Haurren Zuzendaritzak familiei baliabideak ematea proposatu du beren ardurapean dituzten haur eta nerabeei laguntza eta orientazioa eman diezaieten Internet zer den eta horrek zein arrisku dakartzan jakin dezaten. Horretarako, Interneten, aplikazioen eta sare sozialen erabilera egokirako laguntza eta orientazio gida batzuk prestatu ditu, gurasoei eta beste pertsona heldu batzuei zuzenduta. Gidek izenburu hau dute: ‘Internet familian: erabilera seguru baterako jarraibideak’.

Sei dokumentuz osatutako bilduma da, eta gaur aurkeztu da atzo izandako Safer Internet Day egunarekin bat etorriz. Gida horiek adingabearen garapen-etapen arabera antolatuta daude: 0-3 urte, 4-6 urte, 7-9 urte, 10-12 urte, 13-15 urte, eta 16-18 urte. Horietako bakoitzean modu labur eta generikoan azaltzen da nolakoak diren adin tarte horretako adingabeak, nola erlazionatzen diren Internetekin, zer arrisku sor daitezkeen eta zer egin dezaketen erreferentziazko pertsona helduek haiei laguntzeko.

Bilduma sailaren web-orriaren bidez deskargatu daiteke, familiaren arloan: www.euskadi.eus/familia. Bertan banner bat gaitu da, deskargatzeko modua azkar identifikatzeko.

Gida hauen helburua da adingabeen adinari egokitutako jarraibide batzuk eskaintzea informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKTak) arduraz eta segurtasunez erabiltzeko. Baina, betiere teknologia berriak aukeragune gisa ikusita (erabilera-denboran oreka mantenduta eta beste jarduera batzuk alde batera utzi gabe), eta ikasteko eta garatzeko, eta berdinekiko eta gizarteko gainerakoekiko harremanak errazteko gune gisa.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak bere aurkezpenean adierazi duenez, adingabeekin bizi garen helduok Internet erabiltzen dugu gure eguneroko askotariko jardueretarako. “Bizitza errealean babesten irakasten badiegu, zergatik ez dugu hori egingo bizitza birtualean? Haien hazkuntzaren arduradun gisa, familiek sareen sareak dakartzan arriskuetara ere hurbiltzeko betebeharra dute”.

Sare sozialak eta teknologia berriak plaza publiko digital global handia bihurtu dira. Bertan, bereziki nerabeek beren nortasuna eraikitzen dute, jendea ezagutzen dute, gauzak probatzen dituzte, beren burua erakusten dute eta arriskuak hartzen dituzte. Kalean beren burua zaintzen irakasten diegun bezala, zaintza horiek ingurune digitalean transmititu behar dizkiegu. Giden bilduma honek familiei prozesu horretan lagundu nahi die.

Sei gidetako bakoitzak edukiaren laburpena, informazio interesgarria eta familian ikasi eta jolasteko baliabideak biltzen ditu. Gainera, dokumentu komun batzuk prestatu dira: glosario bat hitz teknikoen azalpenarekin, gaiarekin lotutako baliabide interesgarri batzuk eta gidak prestatzeko erabilitako bibliografia.

Grooming, ciberbullying, sexting, phishing eta antzeko terminoak azaltzeaz gain, egoera horiei heltzeko moduaren inguruan orientatzen da.

Igor Bilbaok, bilduma hau egiten lan egin duen adituetako batek, honako hau adierazi du: “gisa hauek ahalik eta praktikoenak dira, eta, horietan, landutako gai bakoitzean, beharrezkotzat jotzen ditugun jarraibideak eta informazioa sartu ditugu prebentzioa lantzeko eta adingabeei beharrezko aholkuak transmititzeko, beren segurtasuna berma dezaten eta Internetekin duten harremana bide seguruagoa bihur dezaten”.