Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro baino gehiago bideratu ditu kalitate-araubideetan ekoizpen‑sektorearen parte-hartzea sustatzera

0

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua onetsi du gaur egin duen bilkuran. Agindu horren bidez, nekazaritza‑ eta elikagaigintza‑produktuen kalitate‑araubideetarako 2024ko ekitaldirako laguntzetarako deialdia egiten da.

Deialdiaren xedea da ziurtatutako kalitatedun euskal produktuak elikakatean hobeto sartzen laguntzea, hain zuzen ere ekoizpen-sektoreak kalitate‑araubideetan duen parte-hartzea areagotuz eta produktu horiek barneko zein kanpoko merkatuetan duten kokapena eta aintzatespena hobetuz.

Laguntza horien bidez, nekazariek kontsumitzaileen elikaduraren eta osasunaren arloko eskakizunei ematen dien erantzuna hobetu nahi da; izan ere, modu jasangarrian ekoitzitako kalitate oneko elikagaiak, seguruak eta nutritiboak eskatzen dituzte. Horrez gain, produktuei balioa ematea eta nekazaritza-sektoreak balio-katean duen posizioa hobetu nahi da; horretarako, kalitate bereiztuko ekoizpen ekologikoak sustatzen dira.

Laguntza-lerroak eta zenbateko ekonomikoa

Gaur onetsitako deialdiak hiru motatako laguntzak biltzen ditu:

– Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza. Urteko hobari bana emango da ustiategiko; ordainsari horren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira eskatzaileari kalitate‑araubideetan parte hartzeak inskribatu eta hurrengo 5 urteetan eragiten dizkion kostu finkoen maila.

– Ekoizle-taldeek kalitate-araubideren batek estalitako produktuei buruz Erkidegoko merkaturako egindako informazio‑ eta sustapen‑jardueretarako laguntza. Informazio‑ eta sustapen‑ekintzetan diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko baten gaineko dirulaguntza zuzena izango da.

– Deialdian, halaber, Landa Garapenerako 2015-2022 Programako 3.1 neurriko 5 urteko aldia bete ez zuten eta kalitate bereiztuko programetara 2020an, 2021ean eta 2022ean atxiki ziren pertsonek kalitate‑araubideetan lehen aldiz parte hartzeko egiten dituzten laguntza‑eskaerei lagundu nahi zaie, edo, ekoizpen ekologikoaren kasuan, urte horietako batean ekoizpen-orientazio berri bat txertatu zutenen eskaerei.

Hiru laguntza‑mota horiek finantzatzeko, 1.078.234 euro bideratuko dira, eta horien zati bat Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsarekin (LGENF) batera finantzatuko da. Funtsak kalitate‑araubideetan lehen aldiz parte hartzera eta Erkidegoko merkaturako kalitate-araubideren batek estalitako produktuei buruzko informazio‑ eta sustapen‑jardueretara bideratuko dira.

Eskabideak aurkezteko epea

Euskadiko nekazaritza‑ eta elikagaigintza‑produktuen kalitate‑araubideetarako laguntza‑eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdiaren agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskabideak eta deialdiari buruzko informazio guztia EAEko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, deialdiaren agindua argitaratzen denetik aurrera.

Kalitate‑araubideetan parte hartzeko laguntzen esteka honako hau da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/; eta kalitate‑araubideren batek estalitako produktuei buruzko informazio‑ eta sustapen‑ekintzetarako esteka beste hau: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/web01-tramite/eu/