Euskadik 1.000.000 € bideratuko ditu auzotarren erkidegoetako instalazio elektrikoak modernizatzeko laguntzetarako

0

Energiaren Euskal Erakundeak, bihartik aurrera, bizitegitarako etxebizitzen erkidegoetako banaketa-sarearekin konektatutako barne-sare elektrikoa hobetzeko laguntza berriak jarriko ditu abian, zerbitzu elektriko berriak, hala nola aerotermia bidezko berokuntza, ibilgailuen karga eta eguzki-ekoizpen berriztagarria, ezartzeko ezinbesteko instalazioak modernizatu eta sektore horren deskarbonizazioan aurrera egiteko asmoz.

Laguntzak milioi bat euroko aurrekontuarekin hasiko dira eta, diru horrekin, instalazio elektriko komunitarioen 200 berritze inguru babestuko dira. Zenbatesten da laguntza horiek, guztira, 2,8 milioi euroko inbertsioak sustatuko dituztela lagundutako proiektuetan.

Bai Europako erakundeek bai Euskadiko 2030erako Energia Estrategiak funtsezko oinarri hau daukate, besteak beste, ekonomia deskarbonizatzeko: zenbait sektore elektrifikatzea, hau da, orain arte beste energia-mota baten bidez eskuratzen ziren zerbitzuak kontsumo elektrikora pasatzea eta pixkanaka jatorri fosileko erregaien erabilera bertan behera uztea. Ildo horretan, bizitegi-sektoreak zeregin nabarmena dauka; izan ere, sektore hori deskarbonizatzeko ezinbestekoa da kontsumo elektriko berriak ezartzea, adibidez, berokuntza-sistemetan aerotermia bidez edo garajeetan ibilgailu elektrikoen kargaren bitartez. Era berean, eraikin horietan eguzki-plaken bidezko energia berriztagarria ekoizte aldera, ekoizpen elektriko berri hori xurgatzeko gai den sare bat behar da.

Elektrifikazioaren arloan aurreikusitako garapen guztia kontuan hartuta, egiaztatu da jabekideen erkidego ugaritako barruko banaketa-sarea bere antzinatasunagatik ezegonkorra dela eta ez dagoela prest hainbeste energia garraiatzeko. Zehazki, Euskadiko etxebizitzen erkidegoen % 23k instalazio zaharrak dauzkate, 125/220 volteko sistemaz hornituak (B1 konexioa), baina gaur egun 230/400 volteko sistemak (B2 konexioa) behar dira auzotarren elektrizitate-eskari gero eta handiagoari erantzuteko gaitasun nahikoa edukitzeko. Araban, erkidegoen % 15ek dauzkate instalazio elektriko ezegonkorrak; Bizkaian, % 28k; eta Gipuzkoan, berriz, % 18k.

Babes-lerro berri honen bidez, gabezia horiek arindu nahi dira 1999. urtea baino lehen eraiki ziren eta berritzea beranduenez 2024ko abenduaren 31ra arte burutu eta justifikatu duten eraikinetan. Laguntzok bateraezinak izango dira xede bera duten beste dirulaguntzekin.