Nerea Melgosa Turkanako haurren babes eta defentsarako “Aztivate Foundation” GKEren aldeko topaketan izan da

0

Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, “Aztivate Foundation” GKEren aldeko topaketan izan da. Erakunde honek Turkanan (Kennya) nazioarteko lankidetzako eta laguntza humanitarioko ekintzak garatuz haurren babesean eta defentsan lan egiten du. Melgosak adierazi duenez, “Eusko Jaurlaritzak inplikazio irmoa du gehien behar dutenentzako lankidetza-politikekin, batez ere Lankidetza Publikoaren Legea onartuta”.

Arabako gizarteko, erakundeetako, ikastoletako eta enpresetako ordezkari batzuekin batera, Nerea Melgosak interesa agertu du Nazioarteko Lankidetzako, Laguntza Humanitarioko eta CO2 isuriak arintzeko ekintzak garatzeko, baita Giza Eskubideei eta Klima-aldaketari buruzko prestakuntza emateko sentsibilizazio-ekintzak egiteko ere.

Topaketa Baskoniak Buesa Arenan, Zurbanon, dituen instalazioetan eta kantxan izan da. GKEko arduradunek beren lana azaldu dute, “Garapen Jasangarriaren 2015eko Goi Bileran ezarritako Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen 2030 agendarekin bat datorrena, pobrezia eta desberdintasun sozialak desagerraraztera bideratua, eta arreta berezia jarrita ingurumenarekiko errespetuan”.

Gasteizko Olabide Ikastolako Muskoa Sanchez irakasle gasteiztarrak Keniako Hezkuntza Ministerioak antolatutako jardunaldi batzuetan parte hartu zuen duela hilabete batzuk, Turkana herrian. Jardunaldi horietan proposatu zuen “eskualde hartako haurrak indartsuak, enpatikoak, kooperatiboak, erresilienteak, beren buruaz seguruak, emozionalki orekatuak, ekimendunak, kognitiboki malguak izatea, eta modu orekatu batean garatzea”.

Olabideko irakasleak bere esperientzia azaldu zuen Turkanako “Pole-Pole Olabide” eskolan; 2021eko urtarrilean sortua eta bere garapenean Amor Sin Barreras eta Aztivate Foundation GKEen laguntza izan duena. “Amor Sin Barreras” erakundeak kudeatzen du proiektua, Olabide Ikastola hezkuntza-programaren arduraduna da, Aztivate Foundation osasunaz eta bere kudeaketaz arduratzen da, eta Valentziako Unibertsitateko Nutriaccion arduratzen da nutrizio-planaz.

Era berean, EHUko Medikuntzako ikasle batzuek eta Olabideko ikasle ohiek boluntario gisa parte hartu zuten Pole Pole proiektuan, Madrilgo eta Valentziako ikasleekin batera. Keniako konderri bat da Turkana, herrialdeko ipar-mendebaldekoena, Uganda, Hego Sudan eta Etiopiarekin muga egiten duena. Rift haraneko Keniako alderik iparraldekoenak hartzen ditu. Hiriburua Lodwar da. Konderriko populazioa, guztira, 885.000 biztanle ingurukoa da.

Lankidetzaren euskal legea

Berriki onartutako Lankidetzaren eta Elkartasunaren Euskal Legeak Euskadiren tradizio solidarioa finkatu eta indartzen du. Legeak esparru juridiko berria ezartzen du lankidetzaren euskal politikarako, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren % 0,7 garapen-lankidetzako politiketara bideratzeko helburua ezartzen du, 2030erako ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuen ildoari jarraiki. Bestetik, GKEentzako laguntzak izapidetzeko tramiteak malgutu eta sinplifikatzen ditu, eta, beraz, prozesu osoa arinagoa da.

Melgosak gogora ekarri zuenez, “Legearekin Euskadin oso errotuta dagoen zerbait indartu genuen: elkartasuna eta lankidetzaren esparruan lan egiten duen elkarte-sarea. Gehien behar dutenei laguntzen dieten pertsonek eta kolektiboek tresna eta erraztasun gehiago dituzte orain hori gauzatzeko”.