Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mende dagoen Alokabide sozietate publikoak hurrengo astean entregatuko dizkie Orion, Anibarko Portuko eremuan, eraikitako alokairuko sei zuzkidura-bizitoki berriak horien esleipendun izan diren 36 urtetik beherako gazteei.
Bizitoki horiek salmentarako babes ofizialeko etxebizitzen eraikin baten beheko solairuan daude, eta gela bat, sukalde eta egongela integratua eta bainugela bat dute. Goiko etxebizitzak 2001ean entregatu zizkien VISESAk jabeei. Bizitokietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat moldatuta dago. Eraikuntzan 539.175 euro inbertitu ditu (BEZ barne).
Esleipendunak gehienez 5 urtean biziko dira etxe horietan, txandakako etxebizitzak baitira eta, horien neurriak eta behin-behinekotasuna kontuan hartuta, gazteak emantzipatzeko prozesuetan laguntzeko bereziki egokiak. Sei bizikidetza-unitateek hilean ordainduko duten kanona euren diru-sarreren % 30etik beherakoa izango da.
Etxebizitzak eskuratu ahal izateko baldintzak izan dira Etxebiden alta emanda egotea, jabetzan etxebizitzarik ez izatea eta urteko diru-sarrera haztatuak 3.000 eurotik 42.314 eurora bitartekoak direla egiaztatzea, bai eta bizikidetza-unitateak 2 kide baino gehiago ez izatea eta prozeduran izena eman zen datan 36 urte baino gutxiago izatea ere. Orion erroldatutako pertsonek lehentasuna izan dute prozesuan.
Orain arte, Etxebizitza Sailak 18 etxebizitza partikular kudeatzen zituen Orion Bizigune programaren bidez, baina ez zuen alokairuan emateko bere etxebizitza-parkerik. Sei bizitokiak Sailak herrian izango duen etxebizitza-parke publikoko lehenengoak dira, eta datorren urtean parke hori haztea aurreikusten da; izan ere, Visesa alokairuko beste 48 etxebizitza publiko ari da eraikitzen Munton. Etxebide etxebizitza-zerbitzuak 292 etxebizitza-eskatzaile ditu, horien % 74 alokairu-erregimenean.